Kataluniako prozesu subiranistari babesa eman diote dozenaka herritarrek

Uztarria.eus 2017ko ira. 20a, 21:16

Kataluniarekin bat, demokraziarekin bat lelopean elkarretaratzea egin dute gaur, asteazkena, dozenaka lagunek plazan, Kataluniako prozesu subiranistari babesa emateko nahiz azken egunetan Espainiako Gobernuak erreferendumaren aurrean izan duen jarrera eta gaurko atxiloketak eta mihaketak salatzeko. 19:00etarako deitu du kontzentrazioa EH Bildu koalizioak, eta hainbat herritarrek egin du bat deialdiarekin. Bi hautetsontzi jarri dituzte pankartaren aurrean, eta herritarrek esteladak ere eraman dituzte plazara. Kontzentrazioa bukatzerako, gainera, boto-paperak erakutsiz argazkia atera dute plazan bildutakoek.

Honako ohar hau kaleratu du gaur arratsaldean Azpeitiko EH Bilduk:

"Urte luzeetako prozesu baten barruan eta herritarren gehiengo baten eskariari ateak irekiz, etorkizuna libreki erabakitzeko bitarteko demokratikoz hornitu du Kataluniako herriak bere bidea. Kataluniako instituzio nagusiek herritarren nahiei bide emateko erabaki irmoa hartu dute. Katalunian herritarren borondatearen eskutik eman diren urratsei indarraren, mespretxuaren eta zaharkitutako legeen ustezko arrazoiarekin erantzun die Madrilek. Azken egunotan hainbat dira ikusi ditugun erasoak. Alkateak, komunikabideak, inprimategiak... jomugan jarri dituzte. Eta gaur, momentuz, erreferendumearen antolaketan diharduten 12 lagun atxilotu dituzte.

Katalunia estatuaren aldetik jasotzen ari den errepresioa eta demokrazia eza inoiz baino agerikoagoak dira, eta horren aurrean ezin dugu bestaldera begiratu. Estatuaren izaera erabat antidemokratikoaren aurrean gaitzespen osoa adierazi nahi dugu. Eta nola ez, Kataluniako herriari elkartasuna eta haren ibilbide demokratikoari babes osoa helarazi nahi dizkiogu.

Guk argi dugu: autodeterminazio eskubidea gauzatzeko datorren urriaren 1ean egingo den erreferenduma guztiz zilegia izanik, estatuaren eraso oro arbuiatzen dugu".