Melodie Massen hilketa salatu eta emakumeenganako indarkeriarekin bukatzeko eskatu dute dozenaka herritarrek

Uztarria.eus 2017ko ira. 19a, 21:36

Azpeitiko Emakumeen Mahaiak deituta, elkarretaratzea egin dute gaur, hilak 19, dozenaka herritarrek Melodie Masse gaztearen hilketa salatzeko. Emakumeon kontrako indarkeriarekin amaitu lelopean, "hilketa matxista ororekin" amaitzeko eskatu dute plazan egindako kontzentrazioan.

Joan den asteazkenean, irailaren 13an, hil zuten Melodie Masse Uztaritzen (Lapurdi). Bortizki jipoituta agertu zen Massen hilotza, logelako ohearen gainean, biluzik, eskuak zein zangoak loturik, begiak tapatuta eta ahoan mozala zuela aurkitu zuen. Hil zuten emakumearen bikotekideak eman zuen hilketaren berri etxebizitzara itzuli zenean. Autopsiak hil aurretik bortxatua izan zela erakutsi zuen.

38 urteko gizon bat atxilotu zuten susmagarri gisa. Gaur akusatua espetxeratzeko eskatu du Baionako prokuradore ordeak, eta bizi osorako zigorra eskatu du harentzat. 48 ordu eman ditu atxilotuta, eta fiskalaren arabera, akusatuak "gertakari dramatikoetan bere inplikazioa aitortu du".