Azpeitiko Argazki Elkartearen irudiak, Azpeititik Hazparnera

Uztarria.eus 2017ko ira. 11a, 13:36
'Sokamuturra 2017' lehiaketan bigarren saria eskuratu zuen irudia. (IƱaki Etxenagusia)

Elkarteko kideek herriko festetan ateratako irudiak ikusgai izango dira Pierre Espil Mediatekan. Helburua da bi herrietako artisten eta kultur eragileen elkartrukea sustatzea. 

Azpeitiko Argazki Elkarteak urteetan zehar festetan hartutako irudiekin osatutako erakusketa ikusgai izango da Hazparneko Pierre Espil Mediatekan. Hilaren 15etik 30era irekiko ditu ateak erakusketak.

Joan den apirilean hazpandarrak izan ziren herrira beren lanak ekarri zituztenak. Hazparneko sei margolariren lanak izan ziren ikusgai Sanagustin kulturgunean, eta beraiek izan ziren erakusketa prestatzeaz arduratu zirenak. Hala, Azpeitira etorri ziren, eta egindako margolanen inguruan aritu ziren. Halako ekintzekin bi herrietako artisten eta kultur eragileen elkartrukatzea sustatzea lortu nahi dute Azpeitiko zein Hazparneko Udalek.

Irailaren 23an bi herrien arteko senidetzaren 30. urteurrena ospatzeko jaia antolatu dute Hazparnen, eta hara joateko autobusak antolatu ditu Udalak. Egun horretan Hazparnera joaten diren herritarrek argazki elkarteko kideek osatutako erakusketa ikusteko aukera izango dute.