Zuhaitzei bizia ematea pasio

Urola Kostako Hitza 2017ko ira. 5a, 14:26

Javier Iraeta, Orioko Kultur Etxean duen erakusketan. (Javier Iraeta)

Javier Iraeta eskultore azpeitiarraren Bizipenak erakusketa ikusgai dago irailean zehar, Orioko Kultur Etxean. Neurri desberdinetako 25 lanez osatutako bildumak amaren alde desberdinak irudikatzen ditu. Urola Kostako Hitzak erakusketaren inguruko erreportajea egin du.

Aldaketa guztiek aukera berriak ekarri ohi dituzte berekin. Ate bat ixteak, gutxienez, berri bat ireki ohi du, eta zerbait galdu denaren sentipenak, pasioa eta denborapasa dena ofizio bilakatzea ekar dezake. Halako zeozer gertatu zitzaion Javier Iraetari (Azpeitia, 1941). Ekonomiaren krisiaren atzamarra medio, hamaika urtez irakasle eta zuzendari aritu zen Azpeitiko Arte eta Diseinu Eskola itxi egin zen. “Lanik gabe geratu nintzen, eta bolada txarra bizi izan nuen; izan ere, 52 urterekin nora joan behar nuen lan eske?”, adierazi du Iraetak. Danonan lankide izan zuen Gabino Aizpuruk animatu zuen egurra zizelkatzen hastera. “Marrazteko izugarrizko gaitasuna nuen, eta diziplina hari maina arazorik gabe hartuko niola esaten zidan. Kasu egin nion, eta inori ezer esan gabe, enbor zahar bat hartu eta nire lehen tailla egin nuen. Eta gaur arte!”.

Marrazteko zaletasuna mutikotatik datorkio azpeitiarrari: “Ez dakit gaitasuna nork emana dudan, baina txikitatik izugarri ondo marrazten dut. Aitak ohol zahar bat eta klariona ematen zizkidan umetan, eta baserria, behia… marrazten nituen”. Gero, 12 urterekin, plazan zen Arte eta Ofizio Eskolan hasi zen ikasten, Ferrer maisu katalanarekin. “Bost urtez aritu nintzen, eta izugarri ikasi nuen. Daltonikoa naiz, koloreak ez ditut ondo bereizten, eta pinturara baino marraztera dedikatu naiz, lumarekin eta arkatzarekin”. Danonan altzariak diseinatzen aritu zen garaian, berriz, lanetik atera eta egunero Donostiako Arte eta Diseinu eskolara joanez ibili zen, bost urtez. “Bi seme-alaben aita nintzen, eta familia, lana, ikasketak… sakrifizio handia izan zen hura, baina merezi izan zuen”.

Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitzan.