Artzain aipagarrienaren omenaldia jaso du Premietxeberri baserriak

Uztarria.eus 2017ko ira. 4a, 20:45

Premietxeberri baserriko kideak, atzo Legazpin egindako omenaldian. (Premietxeberri baserria)

Legazpiko Artzain Egunean omendu dituzte Bixente eta Felix Agirre anaiak. ELE-Gipuzkoak elkartearen arabera, "artzaintza bizimodu bat dela argi eta garbi erakusten duen baserria da Premietxeberri".

Gipuzkoako 33. Artzain Eguna ospatu zuten atzo Legazpin (Gipuzkoa), eta, bertan, Azpeitiko Premietxeberri baserriak jaso zuen ELE-Gipuzkoak elkarteak urtero "artzain aipagarrienari" egin ohi dion omenaldia. Ia lau hamarkada izango dira baserritik eta baserrian bizi nahi zutela erabaki zutela Bixente eta Felix Agirre anaiek. "Artzaintza bizimodu bat dela argi eta garbi erakusten duen baserria da Premietxeberri. Orain, gazteentzat maisu bihurtu dira bi anaiak, arbasoengandik jasotako jakintza eta urteetan bizitako esperientzien berri gazteei emango dietenak", azaldu dute antolatzaileek.

ELE-Gipuzkoa sortzeko garaian "apustua garbia" egin zuten Premietxeberrikoek, elkarteko kideen esanetan: "Elkartea sortzeko beharra zegoela sinetsi zuten eta buru belarri aritu ziren Latxa ardiaren alde. Hasiera hartan, kontroladore ibili ziren bi anaiak, eta beste anaiaren bat ere bai ordezkatze lanetan. Pixkanaka forma hartzen joan zen elkartea, eta gaur egun, oraindik ere lanean jarraitzen dute kontrolak eginez, inseminazioak, errape kalifikazioak…". Horregatik, eskerrak eman dizkiote elkarteko kideek Agirre anaiei.