Arkaitz Albizurik irabazi du karting erakustaldiko proba nagusia

Uztarria.eus 2017ko uzt. 22a, 21:39

Laugarren karting eta supermotard erakustaldia egin dute gaur arratsaldean Azpeitian, AZTEk eta herriko hainbat motozalek antolatuta. Perez Arregi plazan hasi eta bukatu da zirkuitua, eta Damaso Azkue auzotik igaro dira ibilgailuak. 14:30ean hasi, eta 18:00 aldera bukatu da erakustaldia, eta jende ugari bertaratu da.

Parte hartzaileak hiru mailatan aritu dira kartinean: kadeteak eta alebinak, X30 juniorrak eta KZ2 abiadura-aldagailudunak. Azken horiek dira kart indartsuenak, eta Arkaitz Albizuri azpeitiarra izan da maila horretan azkarrena. Haren ostean, Jon Alberdi eta Jon Sorozabal azpeitiarrak sailkatu dira, bigarren eta hirugarren postuetan, hurrenez hurren. Izan da ezustekorik ere aurtengoan: Josu Beristain eta Jokin Aiertza aurre-aurrean ibili dira proba guztian zehar, baina biak indarrik gabe gelditu dira eskuetan, eta erretiratu egin behar izan dute.

Kadete eta alebinen mailan, Unai Amiano azpeitiarra izan da aurrena, eta Jon Bikendi azpeitiarra sailkatu da bigarren. X30 juniorren mailan, berriz, Unai Irriarte lizarrarra (Nafarroa) iritsi da helmugara aurrena. Bigarren postuan, berriz, Zigor Etxeberria urrestildarra sailkatu da, eta, hirugarrenean, Mikel Guridi oñatiarra (Gipuzkoa).

Horrez gain, bestelako erakustaldirik ere izan da gaurkoan: besteak beste, cartkrossena eta supermotardena. Berrikuntza moduan, goizez eta arratsaldez kart elektriko txiki batzuetan ibili ahal izan dute txikienek.