Sagardoak Azpeitiarekin duen "lotura estua" islatzen duen liburua, kalean

Uztarria.eus 2017ko uzt. 22a, 16:28
Mikel Ibarzabal, Ane Lazkano, Juan Joxe Agirre, Laxaro Azkune eta Eneko Etxeberria, liburuaren aurkezpenean.

'Sagardoa Azpeitian' liburua aurkeztu dute gaur udaletxean, pleno aretoa leporaino beteta zela. Laxaro Azkunek idatzi du testua, eta Juan Joxe Agirrek egin ditu argazkiak. Santio egunean erosi ahal izango da, bost eurotan.

Sagardoak Azpeitiarekin duen "lotura estua" islatzen duen Sagardoa Azpeitian liburua kalean da. Gaur aurkeztu dute udaletxean, pleno aretoa leporaino beteta zela. Bertan izan dira Laxaro Azkune liburuaren egilea, Juan Joxe Agirre argazkilaria, Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea, Mikel Ibarzabal Festa batzordeburua eta Ane Lazkano herriko sagardo mugimenduko kidea.

Liburuaren idazleak esan du iazko udaberrian jaso zuela liburua idazteko proposamena, eta berehala motibatu zuela: "Sagardoaren munduak beti erakarri izan nau, sagardoa oso gustuko dut, eta urtean zehar ere otordu askotan lagungarri izaten dut". Sagardotegiko kulturak badu, haren esanetan, "berezitasun" bat. "Jatetxe batean zuk zure ondokoarekin hitz egiten duzu, baina sagardotegian txotxera buelataka zabiltzanean, zure kuadrillakoekin eta beste kuadrilla askorekin izaten duzu harremana".

Sagardoak Azpeitian duen eraginaz hitz egin du jarrain. "Gure inguru hauetan fruitu asko da, sagar asko izan da historian, eta hori kontserbatzeko sistemarik aproposena asmatu zuten Euskal Herrian: sagardoa. Horrez gain, badakigu hemendik kanpora esportatu ere egiten zutela". Bailaran hainbat dolare baserri daudela adierazi du Azkunek, eta horrek esan nahi duela sagardoa "oso geurea" izan dugula. "Esango nuke orain dela 50-60 urtera arte etxe gehienetako edaria zela". Horrez gain, garai batean Azpeitian hainbat sagardotegi zirela nabarmendu du. Horien inguruko informazioa bildu du liburuan, baina gogorarazi du gerra garaian sagardo kultura hori puskatu egin zela, "beste gauza asko bezalaxe".

Dena den, Azkuneren arabera, baserrietan sagardoa egiten jarraitu zuten, eta 1970eko hamarkadan fenomeno bat sortu zen. "Txoko, lokal eta behe-etxeetan hainbat talde hasi ziren elkartzen sagardoa edateko. Talde horietako asko soziedadeetan elkartu dira, eta elkarte asko dira oraindik ere sagardoaren kultura hori mantentzen dutenak". Horrez gain, sagardoaren bueltan auzo lanak "leku inportantea" izan duela azpimarratu du.

Baserriz baserri

Egungo errealitatearen argazkia ere egin dute liburuan. Oraindik ere mantentzen dute sagardoa egiteko ohitura baserrietan, eta baserri horietara joan dira lana osatzerakoan. "Konturatu gara Azpeitian sagardoaren kultura hori oso berezia dela. Sagardotegietan esaten dute azpeitiarrak sagardotegietara asko joaten garela". Zaletasun horren adierazle da 1979tik aurrera herrian etengabe antolatzen den Sagardo Eguna.

Liburuaren testuaz Azkune arduratu den arren, argazkiek ere leku garrantzitsua dute liburuan. Agirrek atera ditu argazki horiek, eta hark azaldu duenez, irailean hasita, 50 irteera inguru egin dituzte Azkunek eta biek elkarrekin. Guztira, 1500 irudi bildu ditu, eta horietatik 180 ikus daitezke lanean.

Agirrek azaldu du lehendik ere ezagutzen zituela Azpeitiko baserri denak, kanpotik. "Orain esan dezaket barrutik ere ezagutzen ditudala baserri asko". Bide horretan, ikusi du baserrietan lehengo ohitura onak mantentzen dituztela. "Izan garen leku guztietan eskaini digute sagardoa gutxienez, eta beste leku askotan, zerbait jateko eta etxera eramateko ere bai. Ez gara batere gaizki ibili. Oso harrera ona egin digute, eta horrek lana asko errazten du".

"Justizia sagardoarekin eta historiarekin"

Alkatearen arabera, "harrigarria" da Azpeitiak eta sagardoak duten lotura historikoa: "Ez da sagardo txapelketa antolatzen duen herri bat bakarrik, sagardoaren bueltan ibili den herri bat da, eta gure historia sagardoari oso lotuta dago. Sagardoa gure kulturaren eta tradizioaren parte da". Azpeitiarekin ez ezik, edariak euskal kulturarekin duen harremana ere izan du hizpide: "Baserri munduarekin, euskararekin, dantzarekin, gure kulturarekin, hain gurea den identitatearekin lotura bat du, eta hori ezin da ukatu". Haren esanetan, urte askoan "prestigiroik gabeko" edaria izan da sagardoa, "bertakoa izateagatik edo merkea izateagatik", eta uste du liburua inportantea dela sagardoari merezi duen balioa emateko. "Espero dut liburuak justizia egingo duela sagardoarekin eta gure herriaren historiarekin".

Amaitzeko, Xebastian Lizasok pare bat bertso bota ditu, eta arkupetan txotxa eta pintxoak dastatzeko aukera izan da. Liburua erosi nahi dutenek Santio egunean izango dute horretarako aukera, bost euroren truke.