Udalek eta aldundiak erdibana finantziatuko dute Etxeko Laguntza Zerbitzua

Uztarria.eus 2017ko uzt. 20a, 11:52

Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen Erakundeen Arteko Mahaiak bilera egin zuen herenegun, eta bertan erabaki zuten Gipuzkoako Foru Aldundiak eta udalek elkarrekin finantziatuko dutela Etxeko Laguntza Zerbitzua 2017-2019 aldian. Udaletako ordezkarien artean, besteak beste, Eneko Etxeberria alkatea (EH Bildu) izan zen.

Erabakiarekin, alde bakoitzak gastuen erdia ordainduko du, eta aldundiaren esanetan, modu horretan zerbitzua "hobetu" eta "indartu" nahi dute. Dena den, EH Bilduk finantziazio berriaren aurka bozkatu zuen, zerbitzuan "murrizketa" eragingo duelako. Koalizioak bere "kezka" agertu du, pertsona adinduen ongizaterako "oinarrizkoa" den zerbitzu publikoaren "kalitatea eta jarraipena arriskuan" dagoelako.

Orain arte, gastuen zatirik handiena aldundiak ordaintzen zuen. Hitzarmenaren bidez, besteak beste, aldundiak bere gain hartuko ditu Gipuzkoako udal egoitzak Kabia fundazioan sartu izanaren gastuak. Horrez gain, Gizarte Zerbitzuen Funtsa %50ean banatuko dute, "aldundiaren eta udalen eskumenekoak diren zerbitzuak ahalbidetzeko". EH Bilduk, berriz, salatu du neurria indarrean egongo den hiru urteetan udalek 3.750.000 euro gutxiago jasoko dutela aldundiaren eskutik, eta gaineratu du aurrekontuentan aurreikusitakoa baino 903.861 euro gutxiago izango dutela. "Baliabideen bat-bateko beherakada honek zerbitzua egoera oso larrian uzten du, eta udaletako gizarte zerbitzuetan egonezina ari da sortzen".