Hainbat herritarrek parte hartuko du zapatuko karting eta supermotard erakustaldian

Uztarria.eus 2017ko uzt. 19a, 13:16

Erakustaldiaren antolatzaileak eta parte-hartzaileak probaren aurkezpenean. (Julene Frantzesena)

Perez Arregi eta Damaso Azkue auzoa bitartean osatuko dute zirkuitua. Kart desberdinak eta supermotard erakustaldiak izango dira 15:00etan hasita. Segurtasunaren garrantziaz ohartarazi dute probaren antolatzaileek.

Motozaleek hitzordu berezia dute larunbatean Azpeitian; izan ere, laugarren karting eta supermotard erakustaldia egingo dituzte AZTEk eta Azpeitiko motozale hainbatek antolatuta. 15:00etan hasiko da saioa, eta ohiko ibilbidea egin beharko dute parte-hartzaileek. Perez Arregi plazan hasi eta bukatuko da zirkuitua, eta Damaso Azkue auzotik igaroko dira. Perez Arregitik liburutegi atzekaldera joan, eta biribilgunean buelta emanda, trenaren museo aldera joango dira. Gero, Urola kaletik behera, Soreasurako zubia hartuta itzuliko dira hasierara. Iñaki Aiertza probaren antolatzaileetakoak azaldu duenez, ez da proba puntuagarria, “erakustaldi bat da”.

Parte-hartzaileak hiru mailatan ariko dira kartinean: kadeteak eta alebinak, KF3 automatikoak eta KZ2 abiadura-aldagailudunak. Azken horiek dira kart-ik indartsuenak, eta hamar bat lagunek parte hartuko dute maila horretan. Horietako asko azpeitiarrak dira: Jokin Aiertza, Arkaitz Albizuri, Aitor Aizpuru, Josu Beristain, Xuban Urbieta eta Jon Alberdi. Entrenamendu libre eta kronometratuak egingo dituzte aurrena, eta finalaurrekoak eta finala ondoren. Manga tarteetan, cartkrossen erakustaldia egingo dute Jon Otaño beizamarrak eta Jon Albizurik.

Ondoren, supermotarden erakustaldia izango da eta han bederatzi bat lagunek parte hartuko dute. Gehienak nafarrak eta goierritarrak izango direla jakinarazi dute antolatzaileek.

Aurten, berrikuntza moduan, goizez eta arratsaldez kart elektriko txiki batzuetan ibili ahal izango dute txikienek. Hain zuzen ere, Soreasuko Sebastian Donearen parrokiaren atarian bizpahiru kart txiki probatzeko aukera izango dute 2 eta 5 urte bitarteko haurrek. 11:00etatik 13:00etara eta 14:00etatik 17:00etara izango dira probatzeko moduan.

Segurtasunaren garrantzia

Antolatzaileek segurtasunaren garrantziaz ohartarazi dute. Segurtasun guneak eta aholkuak errespetatzea eskatu dute, "oso inportantea" delako. Gogora ekarri dute zirkuitua mugatzeko lasto-fardoak jarriko dituztela eta horien atzean hesiak. Hori horrela izanik, ikusleek "hesien atzean" jarri behar dutela azaldu dute. Bestetik, atseden tarteak hasi arte zirkuitua ezin dela gurutzatu gogorarazi dute. "Proba batetik besterako tarteetan, komisarioek baimena emandakoan eta horretarako prestatutako trokiak erabiliz bakarrik izango da posible" zirkuitua gurutzatzea.