Festetako kamisetarako epe luzeko diseinuaren bila ari da Marea Arroxa

Uztarria.eus 2017ko eka. 20a, 13:15

Marea Arroxaren kamisetetako bat.

Marea Arroxaren helburua da, "orain arte bezala, herritarrak izatea kamisetaren diseinuaren egileak". Horretarako, diseinatzaileen sarea osatzea nahi dute, guztiek elkarlanean egin dezaten diseinua. Honakoa da kamisetak eraman beharko duen leloa: Marea Arroxa, festak herritik ta herriyentzat. Horrez gain, Marea Arroxaren baloreak ere gehitu beharko zaizkio. 

Marea Arroxak azken urteetan diseinu ezberdineko kamisetak atera izan ditu, hainbat leloekin eta logoekin, hala nola Festatan atea zaparraye, Animau ai mauai, Aizan/k dana roxa ikustei(ñ)at, Atea zan/k hire alde roxa hori, Eztanda arroxa... Aurten, baina, hori aldatzera datoz. Izan ere, Marea Arroxak jakinarazi duenez, epe luzerako diseinuaren bila ari dira.

Horretarako, herriko diseinatzaileen arteko "saretzea" bilatzea dute xede, "guztiek batera, elkarlanean, osa dezaten aurrerantzean Marea Arroxarena izango den kamiseta". Marea Arroxak esan duenez, "orain arte herritarrak izan dira diseinuak egin dituztenak, eta oraingoa ere beraiek egindakoa izatea nahi dugu". Horregatik, herritarrei dei egin diete diseinu hori elkarlanean egitera animatu daitezen. Interesa dutenek 688 89 37 32 telefono zenbakira deitu beharko dute, eta ondoren Marea Arroxako kideak arduratuko dira horiek harremanetan jartzeaz. 

Baloreetan sakontzera

Hausnarketa prozesu baten ondoren, "baloreetan sakondu, berrerabilpenaren aldeko apustua egin eta hegemonikoa den erabili-gorde-bota kontsumo ereduarekin hautsi" nahi dutela jakinarazi dute batzordeko kideek. Bestalde, "elkarlana festak ulertzeko oinarri nagusienetako bat" dela adierazi dute. Horregatik jarri dute abian diseinuaren sormen prozesu kolektiboa, "herriko diseinatzaileen arteko elkarlana eta sarea" sustatzeko. 

Azaldu dutenez, kamisetak eraman beharko duen esaldia honako hau da: "Marea Arroxa, festak herritik ta herriyentzat". Bestalde, Marea Arroxak defendatzen dituen baloreak ere eraman beharko ditu.