Behar larrietarako eta kontribuzioa ordaintzeko diru-laguntzak eskatzeko epea zabaldu du Udalak

Uztarria.eus 2017ko eka. 19a, 17:04

Etxebizitzen alokairua edo kreditua, argindarra, gasa edo botika, eskola edo bestelako oinarrizko beharrak ordaintzen laguntzeko dira diru-laguntzak. (Maialen Etxaniz)

136.000 euro bideratuko dituzte diru-laguntzetara. Diru-laguntza horiek jasotzeko gutxienez lau urtez egon beharko da Azpeitian erroldatuta, eta eskaera egiten dutenen diru-sarreren araberakoak izango dira.

Udalak dagoeneko zabaldu du behar larriak dituztenentzat eta Ondasun Higiezinen Gaineko Zerga (OHGZ) edo kontribuzioa bezala ezagutzen dena, ordaintzeko diru-laguntzak eskatzeko epea.  Iaz bezala, aurtengoan ere  136.000 euro bideratuko dituzte diru-laguntza horietara. Alde batetik, behar larriena duten herritarrei laguntzeko 105.800 euro bideratuko ditu, laguntza behar duten horiei etxebizitzen alokairua edo kreditua ordaintzen laguntzeko, argindarra edo gasa ordaintzen laguntzeko, edo botika, eskola edo bestelako oinarrizko beharrak ordaintzen laguntzeko. Diru-laguntza horietarako diru-poltsa propio  jartzen du Azpeitiko Udalak azken urteetan, Eusko Jaurlaritzatik jasotzen dituzten laguntzak osatu eta "herritar gehiagorengana iristeko".

Bestalde, kontribuzioa ordaintzen laguntzeko baliabide gehiago jarriko ditu udalak aurten. Leire Goenaga zinegotziak azaldu duenez,  modu horretan,"diru-laguntza hori orain arte jasotzen zuten herritarrek baino gehiagok jaso ahalko dute". Udalak guztira 30.000 euro jarriko ditu kontribuzioaren erreziboa ordaintzen laguntzeko.

Diru-laguntza horiek jasotzeko gutxienez lau urtez egon beharko da Azpeitian erroldatuta, eta eskaera egiten dutenen diru-sarreren araberakoak izango dira. Sustengu ekonomikoa jaso nahi duten pertsonek edo familiek, Azpeitiko udalaren Gizarte Zerbitzuetako bulegoan edo 943- 15 71 92 telefonora deituta egin dezakete eskaera.  Azpeitiko udalaren webgunean ere eskura daiteke eskaera orria aurkeztu beharko dute, eredu ofizialaren arabera beteta.

Iaz, 126 familiek jaso zuten udalak propio ematen dituen diru-laguntza horietako bat, eta Estitxu Elduaien zinegotziak adierazi dutenez, helburua da aurten familia gehiagoarengana iristea: “Herritarren oinarrizko eskubideak bermatzea ezinbestekoa da guretzat, beharra duten herritarrei bizimodu duina eskaintzeko baliabideak jartzea, eta horregatik gero eta baliabide gehiago jartzen ari gara hori lortzeko”. Leire Goenaga zinegotziak, bere aldetik, “ahalik eta herritar gehienengana iristeko ahaleginetan” ari direla eta gaineratu du. Horrez gain, "urtetik urtera ematen diren diru-laguntzen kopurua handitzen” ari direla azpimarratu du Goenagak. Udalak azaldu duenez, "Azpeitiko udalarentzat lehentasunezkoa da herritarrei ahalik eta babes sozial sendoena eskaintzea, eta helburu horrekin bideratzen ditu diru-laguntza hauek, beste askoren artean".

Diru-laguntzen kontzeptuak eta zenbatekoak

1. Etxebizitzaren kredituen amortizazioak eta interesak. Hileroko gehieneko kopu­rua 250 euro izango da, eta ezin izango du etxebizitzaren alokairuaren % 70 gainditu.

2. Izaera publikoa ez duen etxebizitzaren alokairua. Hileroko gehieneko kopu­rua 250 euro izango da, eta ezin izango du etxebizitzaren alokairuaren % 70a gainditu.
3. Izaera publikoko etxebizitzaren alokairua, familia-burutza osatzen duen kideetakoren bat, edota haren ezkontidea, 65 urtetik gorakoa den familietan, edo pentsiodunak badira, edota %33ko edo hortik gorako ezintasuna aitortua baldin badute. Hileroko gehieneko kopu­rua 125 euro izango da, eta ezin izango du etxebizitzaren alokairuaren % 70a gainditu.

4. Ko-errentamendua, azpierrentamendua, ostatu-ematea eta apopilotza. Ez dira onartuko bi eskaera baino gehiago etxebizitza bakoitzetik. Hileroko gehieneko kopu­rua 125 eurokoa izango da laguntza eskatzen duen bizikidetasun-unitate bakoitzeko, eta ezin izango du etxebizitzaren alokairuaren % 80a gainditu.

5. Etxebizitzaren mantentze-gastuak, udal tasak, etxebizitzaren asegurua, etxebizitzaren kontribuzioa.

6. Energia gastuak (argindarra eta gasa).

7. Oinarrizko beharrei dagozkien gastuen artean sartuko dira, besteak beste, botikak, eskola partikularrak, heriotza-gastuak, premiazko oinarrizko beharrak…

Betaurrekoak. Pertsona bakoitzeko 180euro, eta familiako 360 euro. Gehienez %90eko ordainketa egingo da.