Omenaldia jaso zuten atzo Gernikan hobiratuta dauden lau gudari azpeitiarrek

Uztarria.eus 2017ko eka. 18a, 13:45

Gerra Zibilaren garaian eta ondorengo urteetan Gernikako hilerrian lurperatu zituzten Eusko Gudarosteko 82 gudariei aitortza egin zieten atzo hainbat erakundetako ordezkariek. Gernikako hilerrian izan zen Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatutako Gipuzkoatik Gernikara ekitaldia atzo goizean, eta gudarien senideak ere bertan izan ziren. 

Atzoko ekitaldian omendu zituzten gudari gehienak Eusko Gudarosteko Loiola, Amaiur, Itxarkundia eta Saseta batailoietan borrokan aritu zirenak dira. Ekitaldian aitortza jaso zuten 82 gudarietako lau azpeitiarrak dira: Francisco Iparragirre Orbegozo (Itxarkundia batailoia), Jose Urbieta Etxezarreta (Loiola batailoia), Urrestillako Dionisio Urbistondo Lasa (Loiola batailoia) eta Leandro Plazaola Zubizarreta (San Andres batailoia). Hori dela-eta, beste udalerri batzuetako alkateekin batera, ekitaldian izan zen Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea.

Gernikako hilerrian 82 gudariak lurperatuta dauden hobi komunaren ondoan plaka bat jarri zuten ekitaldian, eta, horrez gain, oroitarri bat ezarri zuten hilerriaren sarreran.