Eguraldia lagun, jendetza izan da I. Ardo Txuri Egunean

Uztarria.eus 2017ko eka. 17a, 15:45

Eguraldia lagun, ehunka lagun izan dira gaur goiz eta eguerdi partean Azpeitiko Prez Arregi plazatxoan. Izan ere, I. Ardo Txuri Eguna egin dute plaza horretan. Jan-edanaren bueltan, giro bikaina izan da. Dozena inguru ardo dastatzeko eta antxoa pintxoak dastatzeko parada izan dute bertaratutakoek. Trikitilariek alaitu dute giroa.

Arratsaldean ere izango da zer goza herrian, II. Azpeitia Motor Festibalarekin. 15:00etan hasiko dira elkartzen motorzaleak plazan, 15:30etik aurrera eguneko txangoari ekiteko. Pare bat orduren bueltan itzuliko dira plazara eta, 17:45ean, kontzertuen txanda iritsiko da. Bost taldek joko dute aurtengo jaialdian, afariarentzat tartea hartuta; AC/DC taldearen bertsioak jotzen dituen Black Ice taldearena izango da kontzertu nagusia, eta azkena. Honako hau da kontzertuen egitaraua eta ordutegia:

  • 17:45. Desira.
  • 18:45. Hyronika.
  • 19:45. Incursed.
  • Afaria.
  • 22:15. Marmok.
  • 23:30. Black Ice.