Hamahiru upategik hartuko dute parte zapatuko I. Ardo Txuri Egunean

Gaur aurkeztu dute antolatzaileek I. Ardo Txuri Eguna, Perez Arregin bertan.

AZTEk antolatuta, Enparan kaleko Korputz jaien egitarauan txertatu dute. 11:00etatik 15:00etara egingo dute ardo dastaketa Perez Arregi plazan; parrilan erretako Getariako antxoak eta pintxoak ere egongo dira, jakien eta artisauen postuekin batera. Arratsaldean, berriz, motorzaleen topaketa izango da, eta 17:45etik aurrera kontzertuak. Igandean, berriz, Enparango korputzetako bazkariaren eta omenaldien txanda izango da, besteak beste.

Herriko I. Ardo Txuri Eguna izango da zapatuan, ekainak 17, Perez Arregi plazan. Alde Zaharreko Tabernarien Elkarteak (AZTE) eta Enparan kaleko Korputz jaietako antolatzaileek indarrak batu dituzte egitasmoa antolatzeko, eta korputzetako egitarauan txertatuta ospatuko dute, 11:00etatik 15:00etara.

Bost ardo txuri mota dastatzeko aukera izango da zapatuan, hamahiru upategiren eskutik. Iñurrieta, Urkizahar, Rioja Vega, Solaguen, Ontañon, François Lurton, Santiago Ruiz, Viñas Sanz, Arabarte, Castillo Perelada, Ostatu, Labelle eta Casa Primicia dira Azpeitira beren ardoak ekarriko dituzten upategiak. Bost eurotan salduko dituzte kopa eta bost ardo dastatzeko aukera emango duten txartelak. Ardoari laguntzeko, parrilan erretako Getariako antxoak eta tabernariek jarriko dituzten pintxoak ere dastatu ahal izango dira; antxoa errazioa zein pintxoak, bakoitza 1,50 euro ordaindu beharko dira. Ardo txuriaren bueltako festa borobiltzeko, jakien eta artisauen postuak ere jarriko dituzte, eta trikitilariek girotuko dute egitasmoa.

Motorrak eta kontzertuak

Zapatuko festa giroak jarraipena izango du gaueraino Perez Arregi plazan, II. Azpeitia Motor Festibalarekin. 15:00etan hasiko dira elkartzen motorzaleak plazan, 15:30etik aurrera eguneko txangoari ekiteko. Pare bat orduren bueltan itzuliko dira plazara eta, 17:45ean, kontzertuen txanda iritsiko da. Bost taldek joko dute aurtengo jaialdian, afariarentzat tartea hartuta; AC/DC taldearen bertsioak jotzen dituen Black Ice taldearena izango da kontzertu nagusia, eta azkena. Honako hau da kontzertuen egitaraua eta ordutegia:

  • 17:45. Desira.
  • 18:45. Hyronika.
  • 19:45. Incursed.
  • Afaria.
  • 22:15. Marmok.
  • 23:30. Black Ice.

Enparan kaleko korputzak

Igandean, berriz, urteroko ohiko hitzorduekin osatu dute Enparango korputzetako egun nagusiaren egitaraua. Baigera Ieko jatetxean egingo duten lagunarteko bazkaria izango dute aurten ere hitzordu nagusia; Baigeran bertan eman behar da bazkarirako izena, lehenbailehen. Bazkalondoan, aurten ere hartuko dute tartea kaleko adinduak omentzeko: Iñaki Lizaso, Maria Pilar Erkizia, eta Jose Luis Otaegi eta Rosario Urbieta senar-emazteak omenduko dituzte igandean.

Hona hemen, Enparan kaleko Korputz festetako igandeko egitaraua:

  • 11:30. Suziriak eta txistularien kalejira.
  • 12:00. Herri meza Frantziskanetako elizan, urtean hildako kaleko bizilagunen omenez.
  • 13:00. Luntxa, Irrintzi elkartean.
  • 14:00. Lagunarteko bazkaria, Baigeran. Ondoren, bertsolariek eta trikitilariek alaituko dute festa, eta Enparan kaleko gizon-emakume adinduenei opariak banatuko zaizkie.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide