Azpeitiak 3-0 menderatu du Azkoitia Herriartekoaren finalaurdenetako joanekoan

Seniorren partidaren une bat, bart gauean Frontoi Txikian. (Ilunpe PE)

Kadeteek 22-17, jubenilek 22-9 eta seniorrek 22-10 irabazi zituzten beren partidak atzo gauean Frontoi Txikian. Datorren asteburuan jokatuko dituzte itzulerakoak, Azkoitian.

Azpeitiak abantaila argia lortu zuen atzo, ostirala, esku-pilotako Gipuzkoako Herriarteko Txapelketaren finalaurrekoetarako bidean. Ilunpeko pilotariek 3 eta 0 gainditu zituzten Azkoitikoak bete-beteta zegoen Frontoi Txikian, finalaudernetako joaneko norgehiagokan.

Kadete mailako partidakoa izan zen gaueko emaitzarik estuena; Unai Alberdik eta Mikel Unanuek 22-17 irabazi zuten, azkenean. Jubeniletan, 22 eta 9 nagusitu ziren Jon Alberdi eta Julen Egiguren; neurketa horretan, Azkoitiak aldaketa bat ere egin behar izan zuen, markagailua 13-7 zegoela. Azkenik, seniorretan ere ez zieten aukera handirik eman azpeitiarrek azkoitiarrei: 22-10 gailendu ziren Daniel Murgiondo eta Oier Apezetxea.

Horrenbestez, egungo txapeldunek urrats handia egin dute finalerdietan lehiatu ahal izateko. Datorren asteburuan erabakiko da kanporaketa, Azkoitiko Gurea frontoian.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide