Amasa-Villabonako eta Asteasu-Zizurkilgo taldeek abestuko dute Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketako finalean

Uztarria.eus 2017ko mai. 16a, 12:52
Zapatuko saioa jokatu zuten bertsolariak. (GBE)

Izarraitz pilotalekuan jokatuko da finala, maiatzaren 27an, 17:30ean hasita. Dagoeneko eros daitezke finalerako sarrerak Sanagustin kulturgunean nahiz Interneten. Erniarraitz 1 taldea joan den astean gelditu zen txapelketatik kanpo.

Joan den zapatuan, maiatzaren 13an, jokatu zen Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketako bigarren eta azken finalaurrekoa Bergaran. Osinalde (Gabiria) eta Am...ona! (Amasa-Villabona) taldeak aritu ziren lehian, eta Amasa Villabonako taldeak lortu zuen finalerako txartela. Horrenbestez, Asteasuko eta Zizurkilgo bertsolariek osatutako Karidadeko Benta taldearen aurka jokatuko dute horiek finala hilaren 27an, Izarraitz pilotalekuan, 17:30ean hasita.

Dagoeneko eros daitezke finalerako txartelak Sanagustin kulturgunean eta www.bertsosarrerak.eus atarian. Finalaren ostean, afaria izango da Sanagustin kulturgunean, eta bertaratu nahi dutenek txartelak eskuratu beharko dituzte aurrez.

Azpeitiko bi taldek hartu dute parte Gipuzkoako Herriarteko Bertso Txapelketan: Erniarraitz 1 taldeak ( Beñat Lizaso, Leire Ostolaza, Haritz Etxeberria, Jokin Uranga, Oihana Labiano, Gurutze Oiarzabal eta Oihana Aranguren) eta Erniarraitz 2 taldeak (Oier Etxeberria, Jon Ander Iriondo, Jon Gurrutxaga, Aitor Salegi, Ane Iriondo, Xabier Azpillaga eta Eider Iturralde). Azken horiek ez zuten lortu txapelketaren bigarren fasera igarotzea. Erniarraitz 1, aldiz, finalaurrekoetara iritsi zen, baina ez zuten lortu finalerako txartelik