Igandean jokatuko da txirrindularien XLVII. Urrakiko Igoera

Uztarria.eus 2017ko mai. 5a, 12:52

Iazko edizioaren irabazlea, Richard Carapaz, helmugara iristen.

09:00etan abiatuko da Lagun Onak Txirrindulari Elkarteak antolatutako proba, Jose Artetxe kaletik. Zumaiaraino bi itzuli egin ondoren, bitan igoko dute txirrindulariek Urrakiko mendatea.

Euskaldun Torneoan lehian ari diren txirrindulari onentsuenak Azpeitira etorriko dira igandean, XLVII. Urrakiko Igoeran parte hartzera.

09:00etan abiatuko da Lagun Onak Txirrindulari Elkarteak antolatutako proba, Jose Artetxe kaletik. Azpeitia eta Zumaia artean bi joan-etorri egingo dituzte aurrena txirrindulariek; Zestoa, Iraeta eta Aizarnazabal izango dituzte tartean, eta Azpeitira bueltan Loiolaraino joango dira. Zumaiatik bigarrenez itzulitakoan hartuko dute lehendabizikoz Urrakirako bidea. Bitan igoko dute mendatea eta bigarrenean Urrakiko gainean jarritako helmugan amaituko da lasterketa. Guztira, 120 kilometroko ibilbidea izango du Urrakiko Igoerak.