Iaz bezala, aurten ere futbito txapelketa herrikoia antolatu du Azpeitiko Sarek. Parte-hartzaileek atzo, hilak 20, egin zuten aurreneko bilera, eta bertan hizpide izan zituzten txapelketaren nondik norakoak. Aurten, 12 taldek hartuko dute parte Sarek antolatutako futbito txapelketan, iaz baino bi talde gehiagok.
Txapelketa maiatzaren 8an abiatuko dutela aurreikusten dute antolatzaileek, nahiz eta oraindik ez dakiten partidak non jokatuko dituzten; izan ere, azken urteetan Betharrameko jolastokian jokatu dute txapelketa, baina eraikina obretan dagoenez, aurtengoan ziurrenik lekuz aldatu beharko dute. Sareko kideek azaldu dutenez, partidak jokatzeko alternatiba bila ari dira Udalarekin elkarlanean.
Futbito txapelketa herrikoiaren finala plazan jokatuko dute, eta data gerturatzen joan ahala emango dituzte egun horretako xehetasunen berri.