Azpeitiko 11 bikotek parte hartuko dute zapatuan, XVIII. Rallysprintean

Uztarria.eus 2017ko api. 20a, 15:55
Azpeitiko XVIII. Rallysprintaren aurkezpena, atzo Azpeitiko plazan. (Nerea Uranga)

Guztira 46 auto gidarik eman dute izena Azpeitia, Benta Berri, Etumeta eta Aizarna artean jokatuko den auto lasterketarako.

Iazko edizioko ibilbide bera izango du Azpeitiko XVIII. Rallysprintak: Azpeitia-Benta Berri-Etumeta-Aizarna arteko 16 kilometroko ibilbidean jokatuko da. Denera 46 auto gidarik eman dute izena bertan parte hartzeko. Horietatik 11 bikote dira Azpeitikoak, eta azpeitiar auto gidarien artean daude: Jokin Aiertza, Iban Ibarreta, Ibon Otaegi, Iokin Agirre, Iban Etxaniz, Jon Arregi eta Ander Alberdi.

Lagun Artea Eskuderiak antolatu du proba, Azpeitiko eta Zestoako udalen laguntzarekin. Larunbatean 10:00etatik 14:00etara autoak Azpeitiko epaitegiaren aurreko aparkalekuan egongo dira, azterketa teknikoak pasatzeko. Gero, handik Antzibarreko industrialdera joango dira.

14:00etan itxiko dituzte Azpeititik Benta Berriko bidegurutzera eta Etumetatik Aizarnara arteko errepideak, eta Rallysprinta bukatu arte ez dituzte zabalduko trafikoarentzako. Jorge del Cid Lagun Artea Eskuderiakoak azaldu duenez, “ibilbide polita da, auto gidarien gustukoa”.

Rallysprinta 15:00etan hasiko da Azpeititik Errezilerako errepidearen hasieran, eta ibilbidea hiru aldiz egingo dute auto gidariek. Sari banaketa 20:00etan izango da, Azpeitiko epaitegiaren aurreko aparkalekuan.

Parte hartzeko izena emanda daudenen artetik, rallysprinta irabazi dezaketenak bat baino gehiago dira Lagun Arteakoen ustez: “Probako txapela lortzeko borroka askoren artean izango da. Faboritoetako batzuk dira, Aingeru Castro-Alaitz Urkiola (BMW M3), Enrique Barrenetxea-Anartz Onandia (Mitsubishi EVO IX), Mattin Villares-Andoni Blas (Renault Clio Maxi) eta Jokin Aiertza-Iñaki Aiertza (Mitsubishi EVO IX). Horiez gain, herriko auto gidarien artean ere izango da norgehiagoka: Iban Ibarreta-Unai Antia, Ibon Otaegi-Ianeko Eskurza eta Gurutz Agirretxe-Egoitz Aiertza; BMW M3 banarekin”.

Segurtasun neurriak eta inguruak errespetatzeko eskatu dute

Proba jokatuko den ibilbidean ezingo da autorik aparkatu larunbat arratsaldean. “Gaizki aparkatuta dauden ibilgailu denak garabiarekin kenduko dira”, esan dute Lagun Arteakoek. Autoak aparkatzeko tokiak ere zehaztu dituzte: Landetako industrialdean, Erdoiztara doan errepidearen alde batean eta Benta Berritik Errezilera arteko errepidearen alde batean.

Proban ikusleentzako debekatutako tokiak errespetatzeko eskatu dute, zinta gorriarekin egongo dira seinalatuta. Horrez gain, probako ibilbidearen zaintzaileei kasu egiteko, eta inguruak, baserriak eta belardiak errespetatzeko eskatu diete ikusleei. “Tokiak zeuden bezala utzi behar dira, errespetatuz. Horregatik, zaborrik ez uzteko eskatzen diegu ikusleei”.

Proba zuzenean jarraitzeko aukera egongo da Internetez, www.fotomotor.es webgunetik.