Iñaki Uranga, Eneko Alberdi eta Gorka Uranga, Donostiako Nazioarteko Xake Txapelketan murgilduta

Uztarria.eus 2017ko api. 11a, 12:28

Gipuzkoako Taldekako Xake Txapelketarekin amaitu ostean, ez daude geldirik Azpeitiko xakelariak; izan ere, han eta hemen ari dira partidak jokatzen. Gaztetxoenek eskolarteko txapelketak jokatu dituzte, eta Gorka Uranga, Luis Andoni Lazkano eta Osama Maragui finalera sailkatu dira. Unax Gastañaga, berriz, finaletik kanpo geratu da.

Eskolarteko txapelketatik harago, beste sariketa garrantzitsu batean murgilduta ere badaude Azpeitiko Xake Taldeko kideak, Donostiako Nazioarteko Xake Txapelketan, hain zuzen. Iñaki Uranga, Eneko Alberdi eta Gorka Uranga arituko dira txapelketa horretan, lehian. Joan den zapatuan, apirilaren 8an, ekin zioten sariketari, eta hilaren 15ean amaituko da. Bertan, munduko txoko ezberdinetako 121 xakelarik hartuko dute parte, hala nola Kolonbiakoek, Argentinakoek edota Ingalaterrakoek.

[Argazkia: Eneko Alberdi, joan den zapatuan Donostian jokatutako partidan. (Iñaki Uranga)]