Garaipen oso landua lortu zuen Lagun Onakek Santutxuren kontra (2-1)

Erabiltzailearen aurpegia Lagun Onak Futbol Taldea 2017ko api. 4a, 18:27

Lagun Onak puntuak hirunaka lortzea zer zen ahanzten hasia zela zirudien, baina azken garaipenetik sei jardunaldira iritsi dira hain preziatuak diren 3 puntuak. Partida gogorra aurreikusten zen Santutxuren aurkakoa, azken horiek jaitsiera postuetatik aldendu nahian baitabiltza. Partida gogorra eta zaila izan zen, bai, baina gure mutilek lortu zuten garaipenerako bidea aurkitzea.

Lagun Onak: Aitzol, Elustondo, Tena, Murua, Arzamendi, Egaña (62. min., Julen), Landa, Iparra, Arteaga (71. min., Iker), Otamendi eta Moya (62. min., Lapazaran).

Santutxu: Ibai, Adrian, Eriz, Elo, Jon, Orma, David, Borja Luis, Aguero, Arkaitz eta Iundi.

Golak: 0-1: Arkaitz, 44. min.; 1-1: Otamendi, 85. min.; 2-1: Otamendi, 87. min.

Epailea: Anduaga. Txartel gorria erakutsi zien Santutxuko Joni eta Arkaitzi 87. minutuan. Txartel horia jaso zuten Lagun Onakeko Egañak, Elustondok, Iparrak eta Aitzolek.

Lehen zatiaren hasiera hotza izan zen; baloi galdu ugari eta kontrol gutxi zelaian. Pixkanaka, ordea, Lagun Onakek eskuratu zuen baloiaren jabetza eta lehen abaguneak iritsi ziren. Batez ere, eskuin hegaletik sortu zuen arriskua etxeko taldeak; Arteagak eta Landak buruhauste ugari sortu zizkieten Santutxuko atzelariei. Lehen hurbilketak iritsi ziren, baina ez aukera argiegirik. Geldikako jokaldietan ere asko kostatu zitzaion Lagun Onaki min egitea. Errematerik gabeko kornerrak, hesira botatako falta jaurtiketak... baina ezin aterik aurkitu. Santutxuk baloia eskuratzen zuenean kontraerasoan jokatzeko ahalegina egin zuen, baina etxeko atzelariak sendo agertu ziren. Azken bost minutuetan sartuta, santutxuarrek falta arriskutsu bat lortu zuten area ertz-ertzean. Arkaitzen jaurtiketa indartsuak zutoina jo eta ate barrurako bidea hartu zuen. Gol ikusgarria, benetan. Beraz, atsedenaldira 0-1, santutxuarrak aurretik.

Bigarren zatia ere lehenaren oso antzera hasi zen; oreka nagusi zelaian eta baloia zelai erdi inguruan etengabe. Arrateren mutilek bazekiten baloia behar zutela min egiteko, eta hala, jokaldi landuak josi ostean iritsi zen etxekoen eraso bolada. Landak aurrena eta Arteagak ondoren, lanean jarri zituzten Santutxuko atezaina eta atzelariak. Lagun ordura arteko futbolik onena egiten ari zenean susto handi bat iritsi zen. Aitzol atezainari eginiko pase txar bat Santutxuko aurrelariak harrapatu zuen, eta Aitzol atzetik falta egitera behartu. Txartel horia, gaitz erdi. Ikara hura pasatu eta berriro ere erasora igaro zen Lagun. Santutxuarrak atzean zain. Ahalegintzen denak soilik lortzen omen du helburua, eta 85. minutuan iritsi zen ahaleginaren fruitua; Otamendiren jaurtiketa sareetara eta aurretik beste bost minutu luze. Azpeitiarraren golaren ospakizunak amaitzerako iritsi zen Landari eginiko penaltia. Jendea pozarren Garmendipen. Otamendik hartu zuen penaltia jaurtitzeko ardura eta barrura: 2-1 markagailuan. Lagun Onakek bost minututan lortu zuen partida iraultzea.

Hiru puntu horiei esker, Lagun Onak jaitsiera postuetatik aldendu da apur bat eta garaipenik gabeko bost jardunaldiko lehorteari amaiera ematea lortu du. Oso puntu garrantzitsuak! Hurrengo neurketa Ondarroan izango du taldeak apirilaren 7an, ostiralean, 21:00etan. Aupa Lagun!