Pasaiako segadaren inguruko erakusketa ikusgai dago Sanagustinen

Uztarria.eus 2017ko mar. 21a, 12:31

Atzotik, martxoaren 20tik, zabalik dago Pasaiako segadaren gaineko erakusketa Sanagustin kulturgunean, eta ikusgai izango da hilaren 27ra arte. Azken urteetan bezala, 1984ko martxoaren 22an Pasaiako badian poliziak tirokatuta hil ziren Komando Autonomo Antikapitalistetako Dionisio Aizpuru Kurro eta Pedro Mari Isart Pelitxo azpeitiarren eta Rafael Delas Txapas eta Jose María Izura Pelu iruindarren auziari eskainitako erakusketan argazkiak eta agiriak batu dituzte, Pasaian gertatukoaren gaineko informazioarekin. 

Bihar, martxoak 22, Pasaiako segadaren 33. urtemuga izango da, eta hori gogoratzeko hainbat egitasmo antolatu dituzte. Alde batetik, lore eskaintza egingo dute bihar Azpeitian, Pasaiako segadan hildakoen omenez jarritako oroitarriaren aurrean (Enparan Dorretxearen zelaian), 18:30ean. Bestetik, martxoaren 25ean, zapatua, kontzentrazioa egingo dute Iruñean, Pasaiako segada argitu lelopean.