Mendekotasuna, langai

Uztarria.eus 2017ko mar. 20a, 18:48

Ainhoa Etura eta Izar Arregi.

Droga kontsumoaren errealitateari lotutako prebentzio eta gizarteratze plana herrian hainbat eremutan zabaltzen du Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailak.

Drogen kontsumoak kezkatuta, urteak dira Azpeitiko Udalak Drogamenpekotasun Plana martxan jarri zuela, eta haren barruan Eusko Jaurlaritzak duen VI. Mendekotasun Planean agertzen diren ildo nagusiak jorratzen ditu: prebentzioa, asistentzia eta gizarteratzea. Udaleko Gizarte Zerbitzuetako teknikari Ainhoa Eturaren esanetan, "une honetan garrantzitsuena prebentzioa" da, eta gaineratu du 2015-2019 eperako onartutako plana "egungo errealitatera egokitu" dutela, "teknologia berrien erabilerari eta ludopatiari ere aipamena" eginez.

Droga kontsumoaren errealitateari lotutako prebentzio eta gizarteratze plana herrian hainbat eremutan zabaltzen dutela adierazi du. Esaterako, familietan esku-hartze psikosoziala egiten dute, guraso eskolak ematen dizkiete, festetara begira Sasoian eta Ai Laket!! prebentzio planak dituzte edota herriko ikastetxeetan –hasi HHtik eta Batxilergora– eta Azkoitiko erdi mailako zikloan adikzioen eta elkarbizitzaren programa zabaltzen dute.

Une honetan, droga kontsumo arazoengatik Gizarte Zerbitzuetara jo duten "gazte gutxi" dituztela dio Eturak, baina haren esanetan gazteek drogak kontsumitzen dituztela "gauza jakina da", eta "beharrezkoa da begiak zabaldu eta instituzioek, gurasoek, irakasleek... elkarrekin hausnartzea eta lana egitea. Garai batean, batez ere, desegituratutako familietan kontsumitzen zen, baina egun familia arruntetan ere badago arazoa".

Gizarte Zerbitzuetako batzordeburu Estitxu Elduaienek ere adierazi du drogen kontsumoak "bereziki" kezkatzen duela Udala, eta "ezinbestekoa" dela "gaiaren inguruan kontzientziazioa, informazioa eta ardura sustatzea".

Ikastetxeen jarrera ona

Izar Arregi psikologoak ikastetxeetan ikasleekin zuzeneko saioak egiten ditu eta irakasleei formakuntza eskaintzen die, duela hamaika urtetik, Azpeitiko Udalaren Drogamenpekotasun Planaren baitan. Arregiren esanetan, saioen helburua da "Azpeitiko gazteak bizitzako trebezietan eta emozioen kudeaketan garatzen joateko estrategia orokorrak barneratzea". Droga motak, sexu harremanen eta droga kontsumoaren lotura, lagunarteko harremanak eta familia estiloak aztertzeaz gain, horien aurrean bakoitzak izan ditzakeen emozio kontrajarrien lanketa ere egiten dela azaldu du. Droga prebentzioa lantzeaz gain, ordea, "egun gizartean hainbat gaixotasun indarra hartzen" ari direla nabarmendu du, eta horien prebentzioa ere lantzen dute, "hala nola jokoen menpekotasuna, janariari lotutako gaixotasunak edota depresioa".

Zentzu horretan, Arregik dio "txalotzekoak" direla herriko ikastetxeek programan parte hartzeko duten "prestutasuna" eta Udaleko Gizarte Zerbitzuen prebentzio programa, ikastetxeetan eta Gizarte Zerbitzuetan lantzen dena une oro lotuta baitaude.