Piarres Xarriton euskaltzain hazpandarra hil da

Uztarria.eus 2017ko mar. 17a, 16:38

Piarres Xarriton (eskuinean) Pierre Laborderekin 2001eko Sarako idazleen biltzarrean (Argazkia: Auñamendi).

Pisu handiko intelektuala izan da Piarres Xarriton euskal kulturan. Bere idatziak argitaratzeaz gain, besteenak ere ezagutarazi zituen. Jean Etxeparerenak, besteak beste. Politikan ere jardun zuen; 1988ko hausteskundeetan Eusko Alkartasunako hautagaia izan zen.

Piarres Xarriton (Hazparne, 1921) euskal idazle eta politikaria hil da. Xarritonek gazte zela erabaki zuen apaiz ibilbideari ekitea. Teologia ikastera joan zen Erromara, eta 1947an apaiztu zen. Apaiz lanetan ari zen bitartean izendatu zuten euskaltzain. 70. hamarkadan, ordea, apaizgoa uztea erabaki zuen, desadostasun politikoak zirela medio.  

Ibilbide luzea egin zuen Xarritonek euskal literaturan. 2003an De re publica edo politikaz (Elkar) liburua argitaratu zuen, besteak beste. Horrez gain, Aitzina, Gazte Herria, Euskaldunon Egunkaria eta Etchea agerkarietan ere idatzi ohi zuen. Bere idatziez gain, besteenak ere ezagutarazi zituen; Jean Etxepare medikuarenak, adibidez. Udako Euskal Unibertsitateko eta Parisko Euskal Etxearen sustatzaileetako bat ere izan zen.

Literaturaren mundua oso gogoko izateaz gainera, politikan ere murgildu zen Xarriton. 1988an hauteskundeetara aurkeztu zen, Eusko Alkartasunaren hautagai gisa. 1993tik 1995ra bitartean, berriz, Baionako Herriko Etxeko zinegotzia izan zen. EAren Ipar Euskal Herriko burua ere izan zen ia hamar urtez. 

Azpeitia eta Hazparne senidetuta daude 1987tik.