Aire zaharrekin eta berriekin dator aurtengo San Jose Trikiti Jaialdia

Uztarria.eus 2017ko mar. 14a, 15:20
Ezkerretik eskubira, Andoitz Altzibar, Josu Labaka eta Maider Jauregi.

Zapatuan izango da jaialdia, Soreasu antzokian. Aurten 10 urte dira Euskal Herriko Tritikixa Elkarteak jaialdia Azpeitian antolatzen duenetik. Hala, zapatuko ikuskizunean parte hartuko dute aurrez San Josetako Trikiti jaialdian parte hartu duten musikariek zein trikitilari gazteek. Tapia eta Leturia, Aire Haizpak, Maixa Lizarribar, Errekalde Anaiak, Jone Uria eta Julene Otegi dira oholtzara igoko diren artistetako batzuk. 

Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak eta Azpeitiko Udalak antolatuta, San Jose Trikiti jaialdia izango da datorren zapatuan, martxoaren 18an, Soreasu antzokian. Gaur, asteartea, aurkeztu dute zapaturako prestatutako jaialdia trikitixa elkarteko kide diren Maider Jauregik eta Andoitz Altzibarrek, eta Josu Labaka Kultur batzordeburuak. 

Jaialdiaren helburua "trikitiaren ondarea babestea" dela esan du Maider Jauregik. Horretarako Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak jaialdiaz gain beste hainbat egitasmo egiten dituela gogoratu du Jauregik, liburuak eta diskoak kaleratzea, esaterako. 2007tik antolatzen du jaialdia Azpeitian Euskal Herriko Trikitixa Elkarteak, eta azken hamar urteetako karteletan parte hartu duten hainbat musikari igoko dira zapatuan Soreasuko oholtzara, trikitilari gazteekin batera. Hala, San Jose Trikiti Jaialdia "denei tokia egiteko plaza" dela esan du Andoitz Altzibarrek. 

Honakoak dira zapatuan, 17:30ean hasita, Soreasuko oholtzara igoko diren musikariak: Mirari Azkune eta Aintzane Agirrebeña, Maixa Lizarribar, Errekalde Anaiak, Azkonobieta anaiak, Jexux Izeta, Jone Uria eta Julene Otegi, Aire Ahizpak, Tapia eta Leturia, eta Iker Allur eta EinGo. 

Josu Labakak eskerrak eman dizkie Euskal Herriko Trikiti Elkarteko kideei jaialdia "arrakastatsua" izateko egiten duten lan guztiagatik, eta herritarrei dei egin die zapatuan Soreasura hurbil daitezen.

Sarrerak eta erreserbak

Jaialdia ikusteko sarrerak salgai daude dagoeneko, Pastorkua, Berdie eta Mendizabal tabernetan, 12 eurotan. Bestalde, sarrerak erreserbatzeko aukera ere badago, trikitixa@trikitixa.eus helbidera idatzita edo 943-83 28 28 telefonora deituta. Egunean bertan leihatila 16:00etan irekiko da, baina erreserbak jaso nahi dituenak 16:30ak baino lehen pasatu beharko du leihatilatik. 

Udalak, bere aldetik, bi sarrera bikoitz zozkatuko ditu zapatuko trikiti jaialdirako. Zozketan parte hartu nahi dutenek, gaurtik ostiralera bitartean eman beharko dute izena, udalzozketak@azpeitia.eus helbidera idatzita edota 943- 15 71 85 telefonora deituta. Izen abizenak eta telefono zenbaki bat eman beharko dute zozketan partu nahi duten herritarrek, sarituaz izanez gero eurekin harremanetan jartzeko.