'Historiarako emakumeak' zikloa, hastear

Uztarria.eus 2017ko mar. 13a, 11:53

Garai eta testuinguru historiko ezberdinetako hiru emakumeren biografiak ezagutzeko Historiarako emakumeak zikloa antolatu du Emakumeen Txokoak, Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira prestatutako egitarauaren eta Emakumeen Jabetze Eskolen barruan. Hala, historian zehar esanguratsuak izan diren emakumeen biografiak ezagutzeko hainbat saio eskainiko dituzte martxotik maiatzera bitartean. Bihar, asteartea, izango da aurrenekoa. 

Simone de Beauvoir izango da zikloko lehenengo protagonista. Idazle, filosofo eta feminista frantziarra izan zen Beauvoir, eta gai politiko, sozial eta filosofikoei buruzko eleberriak entseguak, biografiak nahiz grafikoak idatzi zituen. Emakume horren bizitzaz solasean arituko dira bihar, 18:30ean hasita, Emakumeen Txokoan, eta bertan parte hartzeko interesa duen edonork zabalik izango ditu ateak.