Iñigo Arregi da Lagun Onak Futbol Taldearen lehendakari berria

Uztarria.eus 2017ko mar. 10a, 20:53
Lagun Onaken zuzendaritza berria. Ezkerretik hasita, Barrena, Aranguren, Pozo, Azkue, Arregi eta Leunda.

Izarraitz Barrena, Joseba Aranguren Potxo, Ruben Pozo, Iñaki Leunda eta Jon Azkue Berde izango ditu ondoan klubaren zuzendaritza batzorde berrian, 2011ko urritik zeregin horretan izan diren Mikel Izurietaren eta bere taldearen lekukoa hartuta.

Lagun Onak Futbol Taldeak gaur, ostirala, aurkeztu du zuzendaritza batzorde berria. Iñigo Arregi izango da klubaren lehendakari berria. Guztira, sei lagunek osatuko dute zuzendaritza berria: Arregik ondoan izango ditu Izarraitz Barrena (lehendakariordea eta kirol eskolaren zuzendaria), Joseba Aranguren Potxo (diruzaina eta futbol zelaien eta belarraren mantenuaren arduraduna), Ruben Pozo (emakumeen futbolaren zuzendaria), Iñaki Leunda (komunikazio zuzendaria) eta Jon Azkue Berde (ekitaldiak eta taberna). "Ez gara asko, baina hasi gara lanean eta beste batzuk sartzeko esperantza dugu", esan du Arregik aurkezpenean. Taldera gehitu nahi dituztenen artean, emakumeen parte-hartzea bultzatzeko egiten ari diren ahalegina nabarmendu du presidente berriak.

2011ko udazkenetik Lagun Onaken buru izan den Mikel Izurietaren eta haren taldearen lekukoa jaso du zuzendaritza berriak. Izurieta bera izan da gaurko batzarrean hitza hartzen aurrena. Azken bost urte eta erdian "lana serio" egin dutela esan, kirol zein ekonomia arloetan, eta hori posible egin dutenak izan ditu gogoan. Esker oneko hitzak izan ditu Izurietak, "bereziki" batzordekide izan dituenentzat, eta entrenatzaileentzat, delegatuentzat, laguntzaileentzat, babesleentzat, komunikabideentzat eta Udalarentzat ere bai. Batzorde berria ere eskertu du, "erreleboa emateagatik" eta "zorte handia" opa die.

Jarraipena helburu

Halaber, Mikel Izurietari eta aurreko zuzendaritzari eskerrak emanez eta haientzako txaloak eskatuz hasi du hitzartzea Iñigo Arregik. Aitor Zulaika, Jose Angel Peña, Ricardo Amubieta, Juan Godoy, Edurne Illarramendi, Olatz Soraluze, Mitxel Iriarte, Iñaki Ansola, Elvira Morejon eta Iñaki Uranga, banan-banan aipatu ditu aurreko batzordeko kide izandako guztien izenak.

Orain arteko kudeaketa ereduari jarraipena ematea da batzorde berriaren helburua, Arregik adierazi duenez. "Ez gara alternatiba, jarraipena gara. Izan ere, ondo egindako gauzei ez zaie punta atera behar", esan du. Horrela, bai gestio kontuetan eta bai kirol arloan, azken urteotan jarraitutako bidean sakontzen ahaleginduko dira. Ekonomia arloan sarreren eta gastuen arteko oreka mantentzea. Kirol mailan jokalariak, kirolean eta futbolean ez ezik, pertsona bezala heztea da filosofiaren ardatza; eta gero, taldeek ahalik eta maila altuenetan lehiatzea.