Artxibatu egin dute Garmendipe futbol zelaiko aldagelan agertu ziren zuloen auzia

Urola Kostako Hitza 2017ko mar. 8a, 11:31

Azpeitiko Epaitegiaren autoak dio ez dagoela "zantzu nahikorik" auzipetuak delitua egin zuela frogatzeko. Lagun Onakek esan du ahal duen guztia egin duela auzia argitzeko.

Garmendipe futbol zelaiko nesken eta mutilen aldagela batean agertu ziren zuloen auzia artxibatu du Azpeitiko 2. Instrukzio Epaitegiak. Joan den azaroaren 4ko data du urola kostako hitzak eskuratu duen epailearen autoak, eta han jasotzen denez, "ez dago zantzu nahikorik" inputatutako pertsonak delitua egin duela frogatzeko. Gainera, autoak dio ezin dela frogatu auzipetuak egozten zaizkion ekintzak egin dituenik. "Ez da egiaztatu hormako zuloak auzipetuak egin dituenik, eta inork ezin izan du baieztatu neskek zuloetatik begira bitan ikusi zuten pertsona auzipetu hori denik".

2015eko abenduaren bigarren astean jabetu ziren zuloez Lagun Onakeko nesken taldeko jokalari gaztetxoak, eta klubak egunean bertan jarri zuen salaketa Azkoitiko Ertzainetxean. Ertzaintzak ikerketa zabaldu zuen intimitatearen aurkako deliturik izan ote zen aztertzeko, eta auzia artxibatzea erdietsi zuen epaitegiak duela hilabete batzuk. Hainbat diligentzia egin ostean hartu du kasua artxibatzeko erabakia Azpeitiko 2. Instrukzio Epaitegiak. Izan ere, autoan jaso duenez, adin txikiko jokalarien, ertzainen, klubeko langileen eta zuzendaritzako kideen nahiz entrenatzaileen testigantzak jaso dituzte, zuloen egilea eta zuloetatik begira aritu zen pertsona nor zen jakiteko. Horien guztien lekukotzak jasota, epaileak dio ez dagoela "zantzu argirik" ekintza horiek auzipetuak egin zituela frogatzeko. Fiskalak ere kasua artxibatzea galdegin zuen, eta inork ez dio helegiterik jarri artxibatzeari.

Albistea osorik, Urola Kostako Hitzaren webgunean.