Martxoko dantza jauziak egingo dituzte igandean

Uztarria.eus 2017ko mar. 8a, 11:12

Antolatzaileek adin guztietako herritarrei dei egin nahi diete mutxikoetan parte har dezaten. 12:00etan jarri dute hitzordua, plazan. Eguraldi txarra egingo balu, Sanagustinen egingo dituzte dantza jauziak.

Igandean, martxoaren 12an, egingo dituzte hil honetako mutxikoak plazan, 12:00etan hasita. Eguraldiak lagunduko ez balu, Sanagustin kulturgunean egingo dituzte dantza jauziak. Itsasi Kultur Taldeak, Sahatsa Dantza Taldeak, Ikasberri Ikastolako Dantza Eskolak, Azpeitiko Kultur Mahaiak eta Sanagustin Kulturguneak elkarlanean antolatzen dituzte mutxikoak. 

Hileko bigarren igandeetan izaten dute dantza jauziak egiteko hitzordua. Ipar Euskal Herrian tradizio handia izan duten dantzak herriratu eta plazari bizia eman asmoz antolatzen dituzte. Horregatik, ikustera joateaz gain, bertan parte hartzeko deia luzatu diete beste behin antolatzaileek adin guztietako herritarrei.