Emaitza onekin amaitu dute denboraldia Xeyeko atletek

Uztarria.eus 2017ko mar. 7a, 14:20

Naroa Muñoz ezkerrean eta eskubian Xeyeko atleta den Nagore Odriozola, Muñozen dominarekin.

Naroa Muñozek altura jauziko Euskadiko eta Gipuzkoako txapelketa irabazi du kadete mailan. Aitor Zubillaga, berriz, Euskadiko eta Gipuzkoako txapeldun izan da pistako 60 metroko proban. 

Xeye Ateltismo Taldeak atletismo pistako denboraldia amaitu du dagoeneko, eta emaitza onekin amaitu, gainera. Izan ere, Xeyeko bi atleta azpeitiarrek dominak eskuratu dituzte Euskadiko eta Gipuzkoako txapelketetan. Naroa Muñoz txapeldun izan da kadete mailako Euskadiko eta Gipuzkoako altura jauziko txapelketetan. Bi probak Donostiko Antonio Elorza belodromoan jokatu zituen joan den otsailean. 

Aitor Zubillagak ere emaitza onekin amaitu du denboraldia. Izan ere, Euskadiko eta Gipuzkoako txapeldun izan da pistako 60 metroko proban. Horrez gain, Espainiako txapelketan 10. sailkatu da Zubillaga. Xeyeko arduradunek azaldu dutenez, lortutako txapelez gain, 200 metroko proban ere postu onetan sailkatzea lortu du Aitor Zubillagak denboraldian zehar. 

Atletismo pistarik gabe entrenatzen

Naroa Muñozek zein Aitor Zubillagak lorpen horiek lortzeak "izugarrizko meritua" duela adierazi dute Xeyeko entrenatzaileek, batez ere entrenamenduak atletismoko pistan egin ezin dituztelako: "Txapelketa horietan dabiltzan eta pistan entrenatzen ez duten kirolari bakarrak izango dira".

Horrez gain, beste kirol batzuekin alderatzen jarrita, "futbolean aterik gabe entrenatu eta ondoren Anoetako futbol zelaian jokatzearen antzerakoa da atleta hauek egiten dutena", adierazi dute Xeyeko entrenatzaileek. Hala, Muñozen eta Zubillagaren lorpenak azpimarratu dituzte, eta gaineratu dute orain arte "ia inork" ez zuela proba horietan lehiatzeko hautua egiten. 

Gainerako atletak ere ondo

Atletismo taldeko parte hartzeari dagokionez, Xeyeko kideek azaldu dute aurtengo denboraldiak "azken urteetako bolada onari jarraitu" diola. Aitor Zubillagaz eta Nerea Muñorez gain, honakoak dira, besteak beste, Xeyeko atletak: Kamran Arif, Joseba Diaz, Jon Perez, Amets Aranberri, Aintzel Bereziartua, Larraitz Blanco, Yania Tena, Nagore Odriozola eta Nerea Rezabal. Horietako bakoitzak hainbat lorpen eskuratu dituzte denboraldian zehar, eta guztiek gogor entrenatzen jarraitzeko asmoa dute, egindako lanak fruituak eman ditzan hurrengo denboraldian.