Ekintzaileentzako liburu bilduma argitaratu du Urola Erdiko Ekintzailetza Mahaiak

Uztarria.eus 2017ko mar. 6a, 12:30
Ekintzaileentzat argitaratu duten liburua. (Iraurgi Berritzen)

Enpresa sortu berrietan eta haien ibilbidean sortzen diren erronka zein arazoei aurre egiteko tresnak eskaintzea da helburua.  Ekintzailetza Mahaiak Azpeitiko, Azkoitiko eta Zestoako Udal liburutegiekin lankidentzan abiatu du proiektua.

Urola Erdiko Ekintzailetza Mahaiak enpresa sortu berrietan eta haien ibilbidean sortzen diren erronka zein arazoei aurre egiteko tresnak eskaintzen dituen liburu bilduma argitaratu du, Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako Udal liburutegiekin lankidentzan. Liburutegietan ekintzaileentzako txoko bat zabaldu dute proiektu ekintzailearen barruan, eta alor horretako liburu eta materiala pilatu dute bertan.

Duela hilabete inguru ekin zion Urola Erdiko Ekintzailetza Mahaiak baliagarri diren hainbat libururen zerrenda osatzeari, eta Iraurgi Berritzenek esan duenez, "katalogoa modu erraz eta erabilgarrian" antolatuta dago. Honako alor hauek biltzen ditu bildumak: kudeaketa eta giza baliabideak; ekintzailetza eta enplegutasuna; coachinga eta lidergoa; enpresa kudeaketa eta finatzak; marketinga eta salmentak, eta komunikazioa.

Bailarako liburutegi bakoitzak liburu guztiak ez ditu izango, baina beste liburutegitatik eskaera egin ahal izango da. Liburu guztiak Euskal Autonomia Erkidegoko liburutegien sare publikoan daude eskuragarri. Katalogoa hemen ikus daiteke.