Zabalik da 'Azpeitia-Hazparne. 30 urte. Bi herri pausoz pauso' egitasmoaren hirugarren etapako izen-ematea

Uztarria.eus 2017ko mar. 6a, 11:17
Bigarren ibilaldiko irudia.

Martxoaren 18an egingo dute egitasmoaren barruko hirugarren ibilaldia, Donostiatik Hondarribira. Aurreko bi txangoak baino "zertxobait gogorragoa" izango da hirugarrena. Izen-ematea 10 euro ordaindu behar da.

Martxoaren 18an, zapatua, egingo dute Azpeitia-Hazparne. 30 urte. Bi herri pausoz pauso egitasmoaren hirugarren ibilaldia, eta bertan parte hartzeko izen-ematea zabalik dago. 

Donostiatik Hondarribira bitartekoa izango da hirugarren etapa, eta guztira 30 kilometro izango ditu. Antolatzaileek aurreratu dutenez, hirugarren txangoa aurreko beste bi ibilaldiak baino "zertxobait gogorragoa" izango da.

08:00etan irtengo dira autobusez anbulatorio aurretik Donostiara, eta behin hara iritsitakoan Zurriolan ekingo diote ibilaldiari. Ulia zeharkatu ostean, Pasai San Pedrora iritsiko dira. Ondoren, txalupa hartuta, Pasai Donibanera igaroko dira, eta horren ostean, Jaizkibel mendia igotzeari ekingo diote. Mendia igo bitartean hamaiketakoa jasoko dute parte-hartzaileek. GR-121 bideari jarraituta Jaizkibeldik Guadalupera iritsiko dira, eta han bazkaltzeko tartea hartuko dute. Norberak eraman beharko du bazkaria. Behin sabelak beteta, Higer aldetik Hondarrabira joango dira, eta bertan amaituko dute ibilaldia. Azpeitira 17:00-17:30ak inguruan iristea aurreikusten dute antolatzaileek.

Izen-ematea www.lagunonakmb.org webgunean edo Lagun Onak M.B-ren tabernan (Elizkalea 21) egin behar da, 10 euro ordainduta. Prezio horren barruan daude autobusa, txalupa eta hamaiketakoa. 

Lagun Onak Mendi Bazkunak Hazparneko lagunekin eta Udalarekin elkarlanean osatu dute egitasmoa, bi herrien arteko senidetzaren 30. urteurrenaren barruan. Antolatzaileak "oso gustura" daude egitasmoak orain arte izan duen harrerarekin, eta datozen etapetan ere parte hartzera deitu nahi dituzte herritarrak.