300 herritar inguruk hartu dute parte Zuhaitz Egunean

Uztarria.eus 2017ko mar. 5a, 14:37

Astebururako eguraldi txarra iragarrita bazegoen ere, ateri eutsi dio giroak, eta 140 zuhaitz landatu dituzte gaur goizean Izarraizko Atea parkean, Zuhaitz Egunaren harira. Horretarako hitzordua 10:30ean zuten, Esklaba parean, eta 300 herritar inguru azaldu dira. Taldeka antolatu ondoren, lau eremutan banatuta, 140 zuhaitz landatu dituzte, guztira. Herriko ikastetxeek, Lagun Onak Mendi Bazkunak, Baigerak eta baratze parkeetako erabiltzaileek hartu dute parte gaur goizeko Zuhaitz Egunean. 

Izarraizko baratze parkeen inguruan fruta arbolak landatu dituzte. Bigarren eremuan, aldiz, 25 arizti landatu dituzte. Pago mikorizatuak dira sartu dituztenak, hau da, zuhaitzez gain, onddoak ere aterako dira urte batzuen buruan. Hirugarren eremuan, 40 pago landatu dituzte. Haietako batzuk pago arruntak dira eta beste batzuk mikorizatuak. Etorkizunean umeen jolasak jarriko dituzten eremuan, berriz, urritzak eta gerezi-erramuak landatu dituzte.   

Parte hartzaileak bi ordu inguruan aritu dira zuhaitzak landatzen, eta, ondoren, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko frontoian hamaiketakoa egin dute.