Nagore Aramendik esku-pilotako Emakumeen Master Cup-eko finala jokatuko du, beste pilotari baten lesioa dela eta

Uztarria.eus 2017ko mar. 3a, 14:37
Nagore Aramendi (pilota jotzeko prest) final laurdenetako partidan. (Carlos Mediavilla / Goierriko Hitza)

Finalaurrekoetan txapelketatik kanpo gelditu zen Aramendi, baina Jaione Zulaika pilotariak lesioa izan duenez, hura ordezkatuko du azpeitiarrak. Finala igandean izango da, Zornotzan, 12:00etan hasita.

Esku-pilotako Emakumeen Master Cup-eko Lehen Mailako finala jokatuko du Nagore Aramendi pilotari azpeitiarrak igandean, martxoaren 5ean, Zornotzan. Aramendik ez zuen finalerako txartela lortu finalaurrekoetan, baina Jaione Zulaika pilotaria ordezkatuko du finalean. Izan ere, Zulaikak eskuineko belauneko meniskoa apurtu du, eta txapelketako antolakuntzak erabaki du finalerdietako aurrelari galtzaile onena jartzea bere ordez. Hala, nor baino nor arituko dira, batetik, Nagore Aramendi azpeitiarra eta Laukizko Nagore Bilbao, eta bestetik, Alba Martinez errioxarra eta Arrate Bergara nafarra. 

Partida 12:00etan hasiko da, eta zuzenean emango dute ETB1en.