Lagun Onak Futbol Taldeak Zuzendaritza Batzorde berria aurkeztuko du martxoaren 10ean

Uztarria.eus 2017ko mar. 3a, 12:00
Joxe Angel Peña kirol arduraduna eta Mikel Izurieta presidentea, Lagun Onaken iazko urriko batzarrean.

Sindikatu Zaharrean egingo dute aurkezpena, 19:00etan hasita. Interesa duen edonor hurbil daiteke bertara. Mikel Izurieta egungo presidentearen taldeak 2011n hartu zuen Lagun Onaken gidaritza eta 2015etik lekukoa hartuko duen jendearen bila aritu dira.

Hautaketa prozesu luze baten ostean, Zuzendaritza Batzordea aldatuko du Lagun Onak Futbol Taldeak. Martxoaren 10ean aurkeztuko dute batzorde berria, 19:00etan hasita, Sindikatu Zaharrean. Interesa duen edonori bertaratzeko deia egin dio klubak.

Mikel Izurieta egungo presidentearen taldeak 2011n hartu zuen Lagun Onaken gidaritza. Beren helburua zen ardura horretan lau urte betetzea, eta horrela, 2015ean egin zuten zuzendaritza eskuz aldatzeko lehen saiakera, baina ez zen emaitzarik izan. Hala, beste urte bat jarraitzea erabaki zuten. Tarte horretan jendea bilatzen aritu ziren Lagun Onakeko zuzendaritza batzordeko kideak, baina inor ez zen animatu kargua hartzera. Berez, batzordearen nahia zen iazko ekainean kargua uztea, baina denboraldi berria prestatzeak lana eskatzen zuela eta, urrira atzeratu zuten zuzendaritza aldaketa.

Urrian urteroko bazkideen batzarra egin zuen Lagun Onak Futbol Taldeak, eta orduan jakinarazi zuten momentuz ez zela aldakeraik izango zuzendaritzan. Orduztik lekukoa hartuko duen jendearen bila aritu da Mikel Izurietaren taldea.