Xanti Rodriguez, Europako argazkilarien federazioko sarietan hautagai

Urola Kostako Hitza 2017ko mar. 3a, 11:20

Ezkerrean, Moda arloan hautatutako irudia. (Xanti Rodriguez). Eskuinean, Ilustrazio digitalaren arloan hautatutako irudia. (Xanti Rodriguez)

Argazkilariaren bi irudi dira sarietarako hautagaien artean. Apirilaren 2an egingo dute sari banaketa Catanian (Italia), eta hantxe izango da Rodriguez. 2012an erretratuen arloan urrezko saria eskuratu zuen azpeitiarrak.

FEP Europako argazkilari profesionalen federazioaren urteroko sarietako finalera iritsi da Xanti Rodriguez argazkilari azpeitiarra. Hain zuzen, bi kategoriatan sailkatu da finalera: moda arloan eta ilustrazio digitalaren arloan.

Lehiaketaren aurtengo ediziora inoiz baino argazki gehiago aurkeztu dituzte parte hartzaileek; hain zuzen, Europako hainbat herrialdetako argazkilarien ia 2.000 irudi bildu dituzte guztira. Hainbat kategoriatan banatu dituzte sariak, eta kategoria bakoitzerako hamar irudi finalista hautatu dituzte epaimahaikideek. Arlo bakoitzean, hiru irudiren egileek eskuratuko dute sariren bat, eta kategoria bakoitzean aurrena sailkatzen den argazkilaria 2017ko Argazkilari Onenaren Saria eskuratzeko lehian sartuko da. Apirilaren 2an egingo dute sari banaketa Catanian (Italia), eta hantxe izango da Rodriguez.

"Ilusioa" egin diote izendapenek azpeitiarrari, baina ez da sari horietarako finalean izango den lehen aldia. Izan ere, 2012an erretratuen arloan urrezko saria eskuratu zuen, eta, 2010az geroztik, urtero iritsi da finalera sail batean ez bada bestean.