XXIV. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren behin betiko kartela aurkeztu dute

Uztarria.eus 2017ko mar. 1a, 19:55
Kartel honekin iragarriko dute 2017ko maratoi erdia.

"Izen-ematea ondo" dihoala adierazi dute antolatzaileek eta "lasterkarien erantzuna eskertuz", martxoaren 7ra arte luzatu dute inskripzioak kuota murriztuarekin egiteko aukera. Apirilaren 1ean irteeran izango den eliteko lehen atletaren izena ere aurreratu dute: Jesus España.

2017ko Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiak badu kartel ofiziala. Atzo gauean zabaldu zuten antolatzaileek Diego Garciaren omenezko lasterketaren XXIV. edizioaren behin betiko irudia izango dena, Diego bezain handia leloa eta azkoitiar atleta zenaren irudia erdi-erdian dituena.

Kartela aurkeztearekin bat, pare bat berrikuntza ere jakinarazi dituzte antolatzaileek. Batetik, "izen-ematea ondo" dihoala adierazi dute eta "lasterkarien erantzuna eskertuz", martxoaren 7ra arte luzatu dute inskripzioak kuota murriztuarekin (21 euro federatuek eta 24 euro federatu gabeek) egiteko aukera; hilaren 7tik aurrera, 3 euro gehiago ordaindu beharko da izen-ematea. Bestetik, apirilaren 1ean irteeran izango den eliteko lehen atletaren izena ere aurreratu dute: Jesus España.

Martxoaren 21ean aurkeztuko dute prentsaurrekoan apirilaren 1eko lasterketa eta orduan emango dituzte gainerako xehetasunak. Aurretik, maratoi erdiak aurten estreinatuko duen ibilbide berria aurkeztuko dute, datorren astean.