Nikolas Segurola: "Zerua ezin da izan Arantzazu baino hobea"

Berria 2017ko ots. 13a, 11:59
Nikolas Segurola. (Goiena.eus)

Gurasoekin Arantzazura joan zen lehen aldian liluratuta geratu zen ikusitakoarekin, eta bihotzez irten zitzaion aitortza: hara joango zen fraide. 12 urterekin bete zuen esana. Ia 60 urte daramatza, denetariko lanak egiten eta giroa bertsoz alaitzen. Igandeko Berrian elkarrizketa egin zioten Segurolari.

"Zeruan bezala" dago Nikolas Segurola (Matxinbenta auzoa, Azpeitia, Gipuzkoa, 1939) Arantzazuko santutegian, Oñatin: naturaz inguraturik, lagun artean eta umore onean. Umorea apaldua duela dio; baina, edozein pasarte gogora ekartzearekin batera, ahora etortzen zaio txisteren bat, bertsoren bat edota ateraldiren bat, ahalegin handirik egin gabe. Bokazioz fraidea, ofizioz artzaina eta zaletasunez bertsolaria dela dio. Hirurak gustuko izanik, zaila egiten zaio lanbide bat aukeratzea.

Bizi erditik gora daramazu Arantzazun. Erraz esaten da, ezta? 

Ia 60 urte daramatzat hemen, baina bada urte batzuk gehiago daramatzan beste bat: Luis Arraiago Xegama. Ez dela aspaldi halaxe esan zidan batek: "Hainbeste urte elkarrekin, eta ez al zarete oraindik banandu?". Baina, ez, oraindik primeran moldatzen gara. Izan ere, ezinezkoa da Xegamarekin inor haserretzea.

Lekuren bat aukeratu behar bazenu bizitzeko Arantzazu aukeratuko zenukeela esan izan duzu. Zergatik? 

Betidanik oso ongi sentitu izan naizen lekua da, eta, berriro leku bat aukeratu behar banu, hauxe aukeratuko nuke, dudarik gabe. Oso ume nintzela gurasoekin etorri nintzen Arantzazura, eta gogoan dut mezetan egon ginela. Sei haur aldarera irten ziren abestera, zuriz jantzita. Erabat liluratuta geratu nintzen Arantzazurekin, eta pentsatu nuen: "Zerua hau baino hobea ezin da izan". Irten orduko, Arantzazura joan behar nuela esan nien gurasoei. Eta, hurrengo urtean, han nintzen.

Umetatik oso argi izan duzu Arantzazura joan nahi zenuela, beraz? 

Bai, oso argi; gurasoekin bisita hori egin nuenetik. Lehen aldiz, 12 urte nituela etorri nintzen Arantzazura, 1951n. Ondoren, etxera itzuli behar izan nuen gaixorik jarri nintzelako, sinusitisarekin. Baina laster itzuli nintzen berriro, 19 urte nituela, 1959an. Hiru urtez egon nintzen Zarautzen [Gipuzkoa] nobizio aldia egiten. Nobizio aldia amaitzean, ez nekien nora bidaliko ninduten, baina ni oso gustura nintzen han, fraide kuadrilla polita osatu genuelako. Egun batez, Arantzazun nagusi zegoena [Jon Zubieta] agertu zitzaidan Zarautzera, eta hark ekarri ninduen Arantzazura bueltan.

Eta zergatik sartu zinen fraide: Arantzazun bizitzeko edo fraide izateko?

Egia esan, garai hartan eta hasiera batean, Arantzazu lekuak berak gehiago erakartzen ninduen Asisko San Frantziskok berak baino. Baina San Frantzisko ere maite nuen, gure moldeko santua delako: ingurumen zalea, animalia zalea... Gu ardi artean jaiotakoak gara Matxinbentan. Inguruko ardi kopururik handiena Largarate baserrian zegoen: 120 bat buruko artaldea. Gure apustuak ez ziren izaten "baietz Realak irabazi" edo "baietz Atanok irabazi"; ardien bueltan antolatzen genituen apustu eta jolas guztiak.

Elkarrizketa osorik, Berria.eus-en.