Terapia musikalaren inguruko programa jarri dute martxan Udalak eta Juan Antxietak

Uztarria.eus 2017ko ots. 8a, 13:13

Egitasmoan parte hartzen dute San Martin egoitzako egoiliarrek, Antxieta Etxean bizi diren Goienetxe fundazioko kideek eta Biharko Eguneko Zentroko herritarrek. Helburuak dira parte-hartzaileen oroimen musikala piztea eta bakardade sentipenarekin hautsi ostean, talde izaera eta pertsonen arteko harremanak lantzea.

Azpeitiko Udalak eta Juan Antxieta Musika Eskolak elkarlanean terapia musikalaren inguruko programa jarri du abian, San Martin egoitzako egoiliarrei, Antxieta Etxean bizi diren Goienetxe fundazioko kideek eta Biharko Eguneko Zentroko herritarrei zuzenduta. Egitasmoaren helburuetako bat da parte-hartzaileen oroimen musikala piztea. Horrez gain, musikoterapiak "bakardade sentipenarekin hautsi eta talde izaera eta pertsonen arteko harremanak lantzeko" ere balio duela azpimarratu du Mari Jose Bikendi Musika Eskolako zuzendariak.

Guztira, 37 bat lagunek hartzen dute parte programan, hainbat taldetan banatuta. Talde bakoitza astean behin biltzen da 45 minutuz Felipe Murillo eta Iraia Bereziartua musika eskolako irakasleekin. Instrumentuak ezagutzeaz gain, horiek joz eta kantuak abestuz oroimen musikala pizten saiatzen dira.

Musika eskolako zuzendariak azaldu duenez, parte-hartzaileak saioetara "gogotsu" joaten dira, eta bertan autoestiman eragiteko eta funtzio fisiko eta intelektualei eusteko lanketak egiten dituzte. "Hitzorduek, batez ere, emozioa eta ilusioa sorrarazten diete hitzorduek; ilusioa egunerokotik irteteko, gozatzeko eta gizarte honen parte sentitzeko", esan du Mari Jose Bikendik. Udalak, bere aldetik, musika hezkuntza eta aisialdiarekin lotu, eta musika "pertsonen bizi kalitatean eragiteko tresnatzat" baliatu dutela esan du.

Kultura herritarrei gerturatzen

Musika terapia bezala erabiltzearen ideia orain dela denbora batetik zuten buruan Juan Antxieta Musika Eskolako arduradunek, eta bertako zuzendariak azaldu duenez, orain "zerbait gehiago" egitea pentsatu dute: "Urtero egiten dugu bisita bat behintzat San Martin egoitzara, eta zerbait gehiago egin genezakeela ikusten genuen". Hausnarketa horretatik abiatuta, eta beste hainbat musika eskolek musikoterapiaren inguruan izandako esperientziak ikusita, Azpeitiko Udalarekin elkarlanean garatu dute ideia.

Josu Labaka Kultur zinegotziaren iritziz, "ideia oso ona" da egitasmoa martxan jartzea: "Kultura herritar guztiei zabaltzeko dugun ideiaren baitan, pauso bat aurrerago doan ekintza da. Aisialditik harago, pertsonen bizi kalitatean eragiteko proposamena baita". Horrez gain, Udala hasieratik Juan Antxietarekin elkarlanean aritu dela esan du Labakak, eta musika eskolak euren "laguntza eta babesa" duela esan du. 

Udalak esan duenez, ez da Udalak kultur eragileekin elkarlanean, "kulturara gerturatu ezin dutenei kultura eskura jartzeko egindako lehen ahalegina". Izan ere, Josu Labakak esan duenez, kultura "garrantzitsua" da Udalarentzat: "Kulturaren sorkuntza bultzatzen dugu hainbat bidetatik, baina kulturaz gozatzeko aukera ere herritar orori eskaini nahi diegu. Horrek berak pertsonak eta orohar herria ere aberasten dituelako".