Haritz Odriozola: "Eusko Jaurlaritzak laguntza gehiago eman beharko lituzke, gutxienez bideo-joko batzuk euskaraz egon daitezen"

Uztarria.eus 2017ko ots. 8a, 14:50

Haritz Odriozola, Interneteko Argia Saria eskuetan duela.

Interneteko Argia saria jaso zuen joan den urtarrilaren 27an Game Erauntsia euskal bideo-jokolarien komunitateak, eta bertako kidea da Odriozola. Bi urte dira azpeitiarra proiektuan lanean hasi zenetik, eta orduztik euskara bideo jokoen mundura eramaten saiatu da. Hala ere, asko dira aurrera begira komunitatean dituzten erronkak. Haritz Odriozolarekin (Azpeitia, 1989) hitz egin du Uztarria.eus-ek.

Nola hartu zenuten Internet arloko Argia Saria jasotzea?

Ez genuen espero, sorpresa izugarria izan zen. Nire lengusu Urtzik deitu zidan, eta hark eman zidan berria. Uste dut aurten hautagaitzak proposatzeko aukera eman dutela aurreneko aldiz, eta norbaitek gure proiektua proposatu zuela. Jendeak babestu egin du, eta hala lortu du saria.

Zer da Game Erauntsia eta nola sortu zen?

2014ko irailean sortu zen. Urtzik [lehengusuak] bi lagun zituen Youtubera euskarazko bideo-jokoen inguruko bideoak igotzen zituztenak. Horiek Urtziri webgune bat egiteko eskatu zieten, beraien lanak orrialde horretan jartzeko. Ordurako, ni mundu horretan interesatuta nengoen, eta nirekin harremanetan jarri ziren. Orduan konturatu ginen zaletasuna konpartitzen genuen batzuk baginela, eta orrialde pribatu bat egin beharrean komunitate egiturako zerbait egitea pentsatu genuen. Horrela hasi zen guztia. 

Zein da egiten duzuen lana?

Bi dira komunitatearen ardatzak: bideo-jokoak eta euskara. Hortik abiatuta, euskarazko jokoen inguruko albisteak, txapelketak edota ekitaldiak egiten ditugu. Durangoko Azokan ere izan gara, eta jolas batzuk euskarara itzuli ditugu, zortzi inguru bideo-joko, zehatz esanda. Euskal bideo-jokolarien komunitatea indartzen ari gara gure denbora librean, momentu hauetan ezin baitugu profesionalki horretan aritu.

Ba al duzue horretarako diru-laguntzarik?

Sustengu ekonomikoa jasotzeko elkarte izaera izatea ezinbestekoa da, eta guk orain dela sei hilabetetik soilik dugu elkarte izaera. Hala ere, Eusko Jaurlaritzara diru-laguntzak eskatzeko asmoa dugu aurrera begira. Etorkizuneko proiektuek, ur handiagotan sartzeko, beste muskulu ekonomiko bat eskatzen baitute. 

Zein da zuen komunitateko kideen profila? Edonork al ditu zabalik ateak?

Gehienak mutilak gara. Neskak ere badaude, baina guk neska gehiago animatzea nahi dugu. Bestalde, erabiltzaile gehienak gazteak eta gipuzkoarrak gara, nahiz eta bizkaiarrak, nafarrak eta arabarrak ere badauden. Erabitzaile zaharrenak 40 urte inguru ditu. 

Noiz hasi zinen bideo jokoen inguruan interesa azaltzen?

Txikia nintzenetik gustatu izan zaizkit. Bost edo sei urte nitula lengusuak kontsola bat zuen eta harekin ibiltzen hasi nintzen. Ondoren ordenagailura pasatu nintzen, eta pixkanaka afizio bihurtu ziren bideo-jokoak. 

"Euskarak konfort lekutik ere irten behar" duela esan zenuten Argia Saria jasotzean. Zuek euskara bideo-jokoetara eraman duzue...

Problema txiki bat ikusten dugu Euskal Herrian. Hemen badaude bideo jokoak ekoizten dituzten konpainiak eta enpresak, eta horietatik %90ak ez du euskara inondik inora erabiltzen. Eusko Jaurlaritzak laguntza gehiago eman beharko lituzke, gutxienez bideo-joko batzuk euskaraz egon daitezen; izan ere, hemen ekoizten diren jolasak badute nahikoa kalitate. Guk euskarara itzuli ditzazkegu, baina ez dugu nahikoa baliabiderik horiei ahotsak jartzeko. Egin dezakeguna egiteko prest gaude, ordea.  

Bideo-jokoen mundua parekideagoa eta euskaldunagoa izatea duzue helburuetako bat. Nolakoa da gaur egun?

Nahiz eta parekidea ez dela dirudien arren, eta beti gizonezkoekin lotzen bada ere, orain gutxi irakurri nuen AEBn, esaterako, bideo-jokalarien %50a pasa emakumezkoa dela. Bideo-jokoen genero bakoitzaren barruan portzentaiak alde batera edo bestera egingo dute. Hau da, egia da gerrako jolasetan eta gizonezko erabiltzaileak gehiago direla eta Candy Crash eta horrelakoetan emakumezkoak direla gehiago jolasten dutenak. Emakumezkoen komunitatea oraindik ez da oso heldua eta ez dago oso saretuta. Horretan lan asko dago egiteko.

Zer ikasi duzu Game Erantsian?

Paper gainean erraza ematen duela komunitate bat sortzea, baina atzetik lan asko dagoela ikasi dut, ordu asko eta asko sartu behar direla. Zenbaitetan sentitzen duzu lana eginda ere ez dagoela saririk, baina denborarekin konturatzen zara lanak ematen duela bere fruitua. Orain, esaterako, Argia Saria jaso dugu, eta hori izugarria da. Horrez gain, jendearengana iristen ari garela ere konturatzen ari gara, eta gaztelerazko jolasetan aritzen zirenak orain euskarazko jolasetan parte-hartzen hasi direla ikusi dugu. Ea hortik abiatuta euskara egunerokotasunera eramaten duten.

Argia Saria jaso duzue, baina zuek ere Game Erauntsia Sariak banatzen dituzue. 

Urtero banatzen ditugu Game Erauntsia Sariak. Inkesta bat egiten dugu komunitateko kideen artean, eta modu horretan bakoitzaren jolas gustukoenak zeintzuk diren jakiten dugu. Komunidadien iritzia jakiten dugu horrela, eta sariketa erabat sinbolikoa izaten da.

Etorkizunera begira, zein dira zuen erronkak?

Erronkarik handiena jendearengana iristen jarraitzea da. Izan ere, jakin badakigu badaudela gaian interesa duten norbanakoak. Beraz, euskal bideo-jokalarien komunitatea handitzen jarraitzea da gure xedea. Horrez gain, muskulu ekonomikoa lortu nahi dugu, betiere egitasmo handiagoak martxan jartzeko. Orain arte txapelketak sarean egiten ditugu, eta denborarekin txapelketa presentzialak egitea nahi dugu. Bestalde, EHUko Kazetaritza Departamentuarekin harremanetan jarri gara, kazetaritza ikasleak nahiko balute bideo jokoen munduan espezialitzatzeko aukera izan dezatzen. Esaterako, euren GRALa (Gradu Amaierako Lana) bideo jokoen inguruan egin nahiko balute, aukera izan ditzaten. Guk tresnak emango dizkiegu gure webgunean albisteak egiteko eta euren jakinduria garatzen joateko.