Ostiralean amaituko da 'Azpeitia-Hazparne. 30 Urte, bi herri pausoz pauso' egitasmoko bigarren etapako izen-ematea

Uztarria.eus 2017ko ots. 7a, 10:49

Datorren zapatuan, hilaren 11n, egingo dute Azpeitia-Hazparne. 30 Urte, bi herri pausoz pauso egitasmoko bigarren ibilbidea, Zarautzetik Donostiarakoa (Zarautz - Donostia - Igeldo - Donostia). 25 kilometroko ibilaldia izango da, eta parte hartzeko izena emateko azken eguna ostirala izango da. Izen-ematea  Lagun Onak Mendi Bazkunaren webgunean edo elkartaren tabernan egin daiteke, 5 euro ordainduta.

Txangoan parte hartzen dutenek, 08:00etan hartuko dute autobusa anbulatorio aurrean, eta handik Zarautzera joango dira. Munoara iritsitakoan hasiko dira ibilaldiarekin. Kanping aldetik barrena Orioko Txurruka hondartzara joango dira, eta ondoren, Oriotik Antillako hondartzara mugituko dira. Handik, Itxaspetik barrena bentara igoko dira, eta han antolatzaileek prestatutako hamaiketakoa egingo dute. 

Behin sabelak beteta, Donejakue bidetik Igeldora igoko dira, eta handik Donostiako Ondarretara jaitsi. Donostiako hiru hondartzetatik igaro ostean, Zurriolan amaituko dute etapa, 14:30ak inguruan.

Ibilaldia amaitzean, 30 minutu izango dituzte aldatu eta mokadutxoa egiteko. Ondoren, autobuses Azpeitira itzuliko dira. 

Antolatzaileek azaldu dutenez, autobusa egunean zehar ere euren inguruan izango da. Beraz, jatekoa edota aldatzeko arropa bertan utzi daitekeela aurreratu dute.