Txertatu merkatuan proiektuaren fase teorikoari amaiera eman diote, balorazio positiboa eginda

Uztarria.eus 2017ko ots. 6a, 13:00
Txertatu Merkatuan programako parte-hartzaileak, eta Azpeitia, Azkoitia eta Zestoako udal ordezkariak.

Parte-hartzaileen arabera "aberasgarria" izan da programan parte hartzea, eta askorentzat lan munduan murgiltzeko bideaz gain, "integraziorako zubi" ere izan da. Proiektuak izandako "arrakasta eta parte hartzea" ikusita, Txertatu Merkatuan proiektuaren bigarren edizioa abian jartzeko lanetan ari da Iraurgi Berritzen.

Joan den ostiralean, otsailaren 3an, eman zioten amaiera Txertatu Merkatuan programaren fase teorikoari proiektuan parte hartzen duten 16 lagunek. Horien esperientziak eta inpresioak ezagutzeko, parte-hartzaileekin bildu ziren azken klase teorikoan Agustin Lizarralde Azpeitiko Udaleko zinegotzia, Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea eta Josetxo Mendizabal Zestoako alkatea. Udalak esan duenez, parte hartzaileen hitzetan, "aberasgarria" izan da programan parte hartzea, eta askorentzat lan munduan murgiltzeko bideaz gain, "integraziorako zubi" ere izan da.

Eskualde osoko kualifikatu baxuko 18 eta 30 urte arteko gazteei zuzendutako programa da Txertatu Merkatuan, eta bertan bost azpeitiarrek, Aizarnazabalgo batek eta Azkoitiako bederatzik hartu dute parte. Azaroan hasi zituzten saioak, eta lehen 32 orduetan, Egokitu deituriko fasean parte-hartzaileen motibazioa landu zuten. Horren ostean, bakoitzaren kualifikazioaren arabera, 50 orduko trebakuntza saioak jaso dituzte. Bi perfil desberdineko trebakuntzaren artean erabaki behar izan dute, eta garbiketa edota administrari laguntzaile izateko ikastaro praktikoak egin dituzte. Programa amaitzeko, proiektuan parte hartu dutenek praktikak egiteko aukera izango du enpresa edo erakunderen batean.

Proiektuak izandako "arrakasta eta parte hartzea" ikusita, Txertatu Merkatuan proiektuaren bigarren edizioa abian jartzeko lanetan ari da Iraurgi Berritzen. Azpeitiko Udalak aurreratu duenez, martxoaren bukaeran edo apiril hasieran martxan jartzea aurreikusten dute programaren arduradunek.