Lasaotarrak ere santa eskean irten dira, eguraldiari aurre eginda

Uztarria.eus 2017ko ots. 6a, 11:09

Ikastetxeetako ikasleak eta matxinbentarrak bezala, Lasaon ere santa eskean ibili ziren zapatuan, Santa Ageda bezperan, usadio zaharrari jarraituz. Guztira 30 kantaldi inguru egin zituzten, Lasao, Zestoa, Aizarna eta Azpeiti aldeko baserrietan eta etxeetan. Goizean, Josu Oiartzabal Xenpelar bertsolaria izan zuten lagun lasaotarrek, eta arratsaldean auzoko bi gazte ere animatu ziren Xenpelarrekin batera kopla batzuk abestera. Sabelak betetzeko tartea ere hartu zuten, eta bazkaria zein afaria Lasaoko auzo lokalean egin zituzten.

Santa eskean irten ziren auzotarrek adierazi dutenez, etxe guztietan "harrera paregabea" egin zieten, eta datorren urtean ere usadio zaharrarekin jarraituko dutela aurreratu dute.