Matxinbentako taldea, santa eskean

Uztarria.eus 2017ko ots. 4a, 13:29

Santa eskean irteteko usadioari heldu diote aurtengoan ere matxinbentarrek. Garaiz hasi da kantuan hamaika laguneko taldea, Juanjose Loidisaletxe eta Iban Urdangarin bertsolariekin, eta Laja eta Izer trikitilariekin. 08:30etan ekin diote kantuan, Loiolako, Izarraitz inguruko eta Sistiaga Errekako hainbat baserri bisitatuz. Eguerdian, Azpeitiko hainbat txokotan koplak kantatu dituzte, eta Landetan bazkaldu eta indarrak hartuta Matxinbentara abiatuko dira, aurrez Landetako, Urrestillako eta Nuarbeko baserrietan bertsotan eginez. Auzora iluntzeko 23:00k inguruan iritsiko da taldea.

2017ko Santa Ageda jaiak atzo hasi zituzten Matxinbentan, auzoko tabernan jokatu zen mus txapelketarekin. Gaur, arratsaldean, berriz, Ekain Ibargurenek Ekain Txou ikuskizuna eskainiko du, 17:30ean, eta ondoren txokolatada egongo da bertaratzen direnentzat. Horrez gain, arratsalde osoan zehar haurrentzat puzgarriak egongo dira.

Gauean jarraituko dute festarekin, izan ere, bertso afaria izango da Iker Zubeldia eta Beñat Lizasorekin. Ondoren, erromeria izango da Lidia Irigoien eta Xabier Etxaniz trikitilariekin. Afarirako txartelak aurrez erreserbatu behar dira Beheko tabernan bertan edo 943-88 63 15 telefonora deituta.

Festak amaitzeko, egun osoko egitaraua prestatu dute biharko. Goizean, goiz eresia izango da txistulariekin eta 11:00etan meza, Azpeitiko jubilatuen koruarekin. Ondoren, itxulapiko puskatzea. 11:45ak aldera pilota partidak izango dira Azpeitiko Ilunpe elkarteko pilotariekin. 12:30ean herri kirolen txanda izango da: Otaño eta Julen Alberdi Txikiya IV.a aizkolariak egurra mozten arituko dira eta harri jasotzen Mendibil eta Jexux Mari Iruretagoiena Izeta III.a Behin herri kirolak bukatuta, Matxinbentako otarrearen zozketa egingo dute. Egun osoan zehar Itzeder eta Txibilter trikitilariek alaituko dute giroa auzoan. 

Jarraian, atzoko mus txapelketako eta gaurko santa eskeko argazkiak.