Ikasturteko bigarren mutxikoak egingo dituzte igandean

Dantza jauzietako irudia. (Jexux Artola)

Hileko bigarren igandeetan bezala, datorren igandean dantza jauziak egingo dituzte plazan, 12:00etan hasita. Eguraldi txarra eginez gero, Sanagustin kulturgunean egingo dituzte. Dantzak zabaldu eta herritarrengana gerturatzea da egitasmoaren helburua.

Datorren igandean, hilaren 11n, izango da 2016-2017 ikasturteko bigarren dantza jauzien saioa, 12:00etan plazan. Urrian ekin zieten mutxikoen emanaldiei laugarren urtez jarraian, baina azaroan ez zen saiorik izan, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko Dantza Eskolako kideak Argentinako Euskal Astera joanda baitzeuden.

Badira hiru urte mutxikoen proiektuari ekin zietenetik herriko hainbat kultur taldek. Aurtengoan, Sahatsa Dantza Taldea, Azpeitiko Ikastola Ikasberriko Dantza Eskola, Azpeitiko Kultur Mahaia eta Kulturaz Kooperatiba elkarlanean ari dira mutxikoen antolaketan. Elkarlanean antolatu izan dituzte dantza jauziak, hileko bigarren igandeetan, herriko hainbat txokotan, eta aurtengoan ere ildo beretik jarraitzeko asmoa dute.

Azken hamarkadetan Ipar Euskal Herrian tradizio handia izan duten dantza-jauziek berpizkundea bizi izan dute, eta hegoaldeko herri askotan tradizio hori ikasteko saioak egiteari ekin zaio, tartean, Azpeitian. Dantzak zabaldu eta herritarrengana gerturatzea da hain justu egitasmoaren helburua, ikusteko ez ezik, gerturatu eta egiteko saioak egiten baitira.

Uztarriak hainbat berrikuntza egin ditu bai webgunean, bai aldizkarian, eta zuen sostengu ekonomikoa behar du aurrera egiteko. Euskaraz, kazetaritza egiten segituko dugu, zuzentasunez eta zehaztasunez, eta zuek bide horretan lagun izatea nahi dugu. Elkarren beharra dugu!


Izan zaitez Uztarriako bazkide