Frankismoak errepresaliatutako Urolako trenbideko langileen eta senideen bila ari da Aldundia, aitortza egiteko

Uztarria.eus 2016ko abe. 6a, 11:03
Urolako hainbat langileren irudia. historiastren.blogspot.com

1936ra arte Urolako burdinbidean lanean aritu ziren 123 pertsonak eta haien familiak aurkitu nahi dituzte. Horietatik 40 azpeitiarrak ziren. Aldundiarekin harremanetan jartzeko langileek eta haien senideek 943 11 22 90 telefono zenbakira deitu dezakete.

Frankismoak errepresaliatu zituen Urolako burdinbideko langileen eta haien senideen bila ari da Gipuzkoako Foru Aldundia. 1936ra arte trenbide horretan lanean aritu ziren 123 lagunak eta haien familiak aurkitu nahi dituzte, omenaldia egiteko.

Aldundiak adierazi duenez, "frankismo garaiko erakundeen garbiketa prozesuan enplegua galdu zuten eta jazarriak izan ziren, eta gaur arte ez dute aitortzarik jaso". Horregatik Urolako trenbideko langileen eta haien senideei omenaldia egingo dio Gipuzkoako Foru Aldundiak, abenduaren 20an, Donostiako Tabakaleran, 19:00etan hasita.

123 langileetatik gehienak azpeitiarrak ziren, 40 langile, hain zuzen. 30 pertsona zumaiarrak ziren, 19 zumarragarrak, 18 azkoitiarrak eta 13 zestoarrak. Bi langile donostiarrak ziren eta urretxuarra beste bat. Gipuzkoako Foru Aldundiarekin harremanetan jartzeko 943 11 22 90 telefono zenbakira deitu daiteke.