Orhantza Alegria: "Pentsatzen duguna adierazi dugu, modu zuzenean"

Urola Kostako Hitza 2016ko abe. 5a, 12:39

Gaur, abenduak 5, Egurra ta Kitto taldeak Gure ordua disko berria zuzenean aurkeztuko du Durangoko azokan. 17:30ean igoko dira Ahotseneako oholtzara.

Egurra ta kittok laugarren lana kaleratu du: Gure ordua diskoa. Emaitzarekin "gustura" daudela dio Orhantza Alegria (Azpeitia, 1986) taldeko gitarra-jotzaileak.

Zerekin egingo du topo entzuleak diskoan?

11 abestiko disko anitza da, erritmo desberdinak lantzea eta nahastea gustatzen baitzaigu. Diskotik diskora abiadura azkartzeko eta punk-rockera gerturatzeko pausoak eman ditugu. Eta melodia indartsuak eta kanta alaiak zein ilunak egin ditugu.

Kritika soziala eta politikoa egiten dituzue abestietan. Oraingoan ere bai?

Taldearen oinarriak ez dira aldatu. Pentsatzen duguna adierazi dugu, modu zuzenean. Jendeak gauzak garbi ulertzeari garrantzia ematen diogu, metaforekin mezua gehiegi lausotu gabe aritzeari. Kontzientziak astindu nahi ditugu, pentsarazi, status quoa zalantzan jarri eta gure balioen alde borroka egitera deitu. Izan ere, borrokaren bidez lortutako eskubide sozialetan atzerakada latza jasan dugu urteotan, eta Euskal Herriaren zapalkuntzak bere horretan jarraitzen du.

Hainbat kolaborazio izan duzue diskoan.

Iheskideko abeslari Xaguk Lau krabelin gorri abestian parte hartu du, Bad Sound Systemeko Morok Ilusioz eraikiakantan eta Huntzako Josunek Itsasoari so abestian. Aurreko diskoetan bezala, Felipe Murillok ere lagundu digu, eta Jose Luis Otamendik Ikasi dugu abestirako hitzak egin dizkigu. Kolaboraziorik bitxiena Martin Alegria eta Juan Inazio Elias txistulariena izan da.

Elkarrizketa osorik, Urola Kostako Hitzaren webgunean.