Lan txikiak kudeatzeko aplikazioak orain arte utzitako emaitzekin gustura da Udala

Uztarria.eus 2016ko aza. 15a, 18:21
Josu Labaka zinegotzia udal langileekin, aplikazio informatikoaren emaitzak azaltzen. (Azpeitiko Udala)

Otsail amaieran jarri zuten udal webgunean eta bederatzi hilabete inguruan 1.500 lan kudeatu dituzte tresna informatikoaren bidez, horietatik 635 herritarrek egindako eskariak erantzunez. "Herritarrei eskaintzen diegun zerbitzuaren azkartasunean eta kalitatean pauso kualitatibo nabarmena eman dugulakoan nago", adierazi du Josu Labaka Zerbitzu Orokorretako zinegotziak.

Barne kudeaketa hobetzeko eta eguneroko lanak kudeatzeko aplikazio informatikoa joan den maiatzean aurkeztu zuen Udalaren Zerbitzu Orokorretako sailak. Orduan azaldu zuten bezala, otsail amaieran jarri zuten martxan. Lehenbiziko hilabeteetan tresna berriak "emaitza onak" eman zituela zioen orduan Josu Labaka Zerbitzu Orokorretako zinegotziak. Lan txikiak kudeatzeko aplikazioa azpeitia.eus webgunean jarri zutenetik ia bederatzi hilabete igaro direnean, berriz, are gusturago agertu da, aplikazioak orain arte utzi dituen "emaitza bikainak" udal langileei aurkezterakoan.

"Hilabete hauetan tresnaren funtzionamendua ikasten eta udal barruko funtzionamendua egokitzen joan gara, eta emaitza txukunak lortzen ari garela uste dut. Herritarrei eskaintzen diegun zerbitzuaren azkartasunean eta kalitatean pauso kualitatibo nabarmena eman dugulakoan nago", adierazi du Labakak. Tresna informatikoari esker, lehen paperean egiten ziren eskaera asko orain Internet bidez jaso eta kudeatzen dituzte; horrek epeak azkartu eta laburtu egin ditu, udal arduradunen esanetan, kudeaketan zein herritarrei ematen zaizkien erantzunetan. "Herritarrei eskaintzen zaien zerbitzua hobetzea eta eskariei lehenbailehen irtenbidea eta erantzuna ematea" zen abiapuntua, eta helburuak betetzen ari direlakoan daude. "Eskaera bakoitzak bere arduraduna du hasieratik zehaztuta, eta eskaera guztiek erantzun bat jasotzen dute amaierara iristean".

Eskaera denek dute erantzuna

Martxotik gaur arte, 1.500 lan inguru kudeatu dituzte tresna berria erabilita. Udal barnean sortutako lanak, sail batek besteari eskatutakoak, izan dira gehienak, 840 inguru; horien artean daude brigadak zein udaltzaingoak egunerokoan egiten duten herri zaintza lanetan detektatutako konponketak, edo garbiketa lan konkretuak. Herritarrek egindako eskariak, berriz, 635 izan dira. "Udalak benetan eskertu nahi du herritar horiek Azpeitia hobea eraikitzeko egindako ahalegina", esan du Labakak. 635 eskari horietatik 120 herriko eragileek antolatzen dituzten ekitaldietarako eskariak izan dira.

Labakak nabarmendu du eskaerak egin dituzten herritar guztiek jaso dutela erantzuna. "Lehen, askotan, herritarrek zerbait konpontzeko-edo eskatzen bazuten, konpontzen zen, baina ez zitzaion jakinarazten herritarrari. Orain, jasotzen ditugun eskari guztiei erantzuten diegu. Gehienetan, konponketa egin dugula esateko deitzen diegu. Baina bere eskaera arrazoi batengatik edo besteagatik baztertzen dugula esateko ere deitzen diegu. Eta, oro har, herritarrek asko eskertzen digute deia", azaldu du Zerbitzu Orokorretako batzordeburuak. %5 inguruan dabil, hain zuzen ere, "arrazoi desberdinengatik" baztertutako lanen kopurua.

Gero eta azkarrago

Lan txikietarako aplikazio informatikoarekin lanean hasi zirenetik erantzunen azkartasunak gora egin duela ere azaldu du Josu Labakak. Horrela, batez beste, 17 egunetan ematen zaie erantzuna eskariei. Gehinetan, arazoa konpondu ostean erantzuten du Udalak. Eta erantzunen batez besteko epea laburtzen joan da: martxoan 26 egunera ematen zuten erantzuna, apirilean 21 egunera, irailean 11ra eta urrian 8 egunera.

Eskaerak egiteko esteka

Azpeitia.eus webguneko esteka honetan egin daitezke Zerbitzu Orokorretako sailari zuzendutako eskaerak.