Pablo Turrillas entrenatzaileak Lagun Onak utzi du, Sestao Riverren eskaintza onartuta

Uztarria.eus 2016ko aza. 15a, 11:05
Pablo Turrillas. (Lagun Onak)

"Eragozpenak eragozpen", Lagun Onakek onartu egin du Turrillasek hartutako erabakia. Haren ordezko entrenatzailerik ez dute aurkitu oraindik, eta horretarako lanean ari direla azaldu du Lagun Onakek. Azpeitiko taldeak eskerrak eman dizkio Turrillari klubean egindako lanagatik, eta "arrakastarik handiena" opa diote.

Azpeitiko Lagun Onak Futbol Taldeko Espainiako Hirugarren mailako taldea utzi du Pablo Turrillas entrenatzaileak, Bigarren B mailako Sestao River taldea entrenatzeko eskaintza onartu ostean. Atzo, azaroak 14, arratsaldean jakinarazi zuen berria Lagun Onakek, ohar bidez.

Pablo Turrillasek azaroaren 12an eman zion Azpeitiko taldeari jaso zuen eskaintzaren berri, eta igandean eskaintza onartu zuela baieztatu zion Lagun Onaki. Mikel Izurieta Lagun Onak Futbol Klubeko presidenteak ohar bidez azaldu duenez, "Sestao Riverrek kirol mailan izandako emaitzengatik eta sailkapen taulan duen lekuagatik entrenatzailea aldatzea erabaki zuen, eta bertako zuzendaritza batzordeak Turrillasi eskaini zion ardura hori. Igandean, hilak 13, Sestaoren eskaintza onartu zuela azaldu zigun, eta Lagun Onak taldeari indarrean duen kontratuaren gaineko erabaki bat hartzeko eskatu zion".

"Eragozpenak eragozpen", Lagun Onakek onartu egin du Turrillasek hartutako erabakia. Hala azaldu du Mikel Izurietak: "Turrillas Sestaora joateak Lagun Onakeko kideoi sortzen dizkigun eragozpenak eragozpen, klubean lanean ari diren kide guztien promozioa sustatzeko filosofiarekin jarraituz, eta Pablo Turrillasentzat aukera profesional handia dela ikusita, elkarrekin dugun harremana bukatzea onartu du".

Turrillasen erabakiaren ostean, entrenatzailerik gabe dago oraingoz Lagun Onakeko talde nagusia, baina ordezkoa bilatzeko lanean ari direla azaldu du Mikel Izurietak: "Lanean ari gara, eta izen hori erabakitzen dugunean jakinaraziko dugu, jende guztia jakinaren gainean izan dadin".

Esker hitzak egindako lanagatik

Lagun Onakeko zuzendaritzatik "eskerrak" eman dizkiote Lagun Onaken egindako lanagatik: "Lan bikaina egin du gurean, bere profesionaltasuna eta bere adiskidetasuna eskainiz. Arrakastarik handiena opa diogu Sestao Riverren, futbol arloan historikoa den klub horretan, eta haren norabidea zuzentzeko beregain hartu duen erronka berri eta zailtasunez betean".