Herriko hainbat enpresa bisitatzen ari da Udala haien egoera eta beharrak ezagutzeko

Uztarria.eus 2016ko aza. 10a, 11:15

Bisiten helburua da Udalak enpresei Sustapen Planaren bidez eskaintzen dizkien baliabideen berri ematea. Oraingoz Irurena eta Danona enpresetan izan dira udal ordezkariak, eta haiek esan dutenez bietan "albiste onak" jaso dituzte.

Azpeitiko Udala herriko hainbat enpresa bisitatzen ari da egunotan, haien egoera eta beharrak ezagutzeko. Azpeitiko alkate Eneko Etxeberria eta hainbat zinegotzi ari dira lantegiak bisitatzen eta horien egoeraren berri jasotzen. Eneko Etxeberriak azaldu dutenez, Udalaren helburua da kalitatezko enplegua sortzea: "Kalitatezko enplegua sortzea da gure helburua, eta bide horretan enpresen beharrak eta enpleguaren inguruan dutugun kezkak zuzenean jasotzen ari gara".

Udal ordezkariek azaldu dutenez, enpresek Udalaren proiektu jakin batzuk zuzenean ezagutzea nahi dute "elkarlanean arazoei aurre egiteko", eta nabarmendu dute proiektu horiez gain Iraurgi berritzen garapen agentzian badituzten "beste tresna batzuk".

Etxeberriak adierazi duenez, "helburua da sustapen planaren bidez Azpeitiko Udalak enpresei eskaintzen dizkien baliabideen berri ematea, eta enpresen egoera eta beharrak ezagutzea". Kooperatiben kasuan, urriko plenoan onartu zen Ondasun Higiezinen Gaineko Zergan %50eko hobariaren inguruko xehetasunen berri ere eman diete enpresei. 

Irurena eta Danona, hasteko

Udal ordezkariek bisitatu dituzten aurreneko enpresak Irurena eta Danona izan dira, eta bi kasuetan "albiste onak" jaso dituztela nabarmendu dute: "Bi enpresek inbertsio berriak egin eta enpresa berriak eskuratu dituzte. Irurenak Urnietako enpresa bat erosi eta Azpeitira ekarri berri du, eta enpresa handitzen ari dira. Danona, berriz, urte luzez bizi izan duen egoera delikatuari pixkanaka buelta ematen ari dira; Oñatiko lantokia Azpeitira ekarri dute". Udal ordezkariek esan dutenez, "herrirako apustua indartzen” ari dira bi lantokiak.